Carlos Pinto moto pilotua, denboraldiari amaiera bikaina ematetik gertu
Azken lasterketetan egindako lan onari esker, Mantxako eta Yamaha txapelketetan bigarren eta lehen postuetan dago sailkatuta, hurrenez hurren. Espainiako txapelketan lehen bosten artean geratzea nahi du. Azaroaren 4an eta 5ean ditu hurrengo probak, Jerezen.
Carlos Pinto moto pilotu afizionatua denboraldi amaierara iristen ari da bere Yamaha R1 berriarekin, eta aukera handiak ditu lehiatzen ari den txapelketetako lehen postuetan sailkatzeko. Cartagenan (Murtzia, Espainia) izan da urriaren 7tik 9ra bitarteko asteburuan, eta emaitza bikainak lortu ditu bertan.
Bi lasterketa izan zituen, eta lehenengorako entrenamenduetan pole-a lortu eta gero, irabazi egin zuen ondoren. Lasterketa hau irabazita JMR Kopa ere eskuratu zuen eta Yamaha R1 Rookies Kopako lehen postura igotzea ere bai. Gainera, itzuli azkarrena ere egin zuen. Bigarren lasterketan laugarren postutik atera zen, baina bigarren amaitzea lortu zuen, eta horrekin, Gaztela-Mantxako Motoziklismo Federazioak antolatutako txapelketako sailkapenean bigarren postura igotzea ere bai.
Pilotuak adierazi duenez, “oso-oso gustura” dago Cartagenan lortutako emaitzekin, eta “eskerrak eman nahi dizkiet nire ondoan egon den Mieres Racing Team taldeko Javiri eta JMR txapelketako antolatzaileei, parte hartzera gonbidatu nindutelako”.
Denboraldiko azken hitzorduak azaroaren 4an eta 5ean ditu Pintok, Jerezko zirkuituan (Kadiz, Espainia). “Mantxako txapelketako bigarren postua mantentzea da helburu bat, eta Yamaharen txapelketa irabaztea bigarrena. Gainera, SBK1000 +40 Espainiako Kopako sailkapen orokorrean lehen bost postuetan geratzea nahi dut”.