Belaunaldi desberdineko legazpiarrak elkartuko dira larunbatean arroza egiteko
Buztintegi elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatuta, belaunaldien arteko bigarren topaketa gastronomikoa egingo da Azokan. Bederatzi taldek parte hartuko dute.
Bederatzi taldek eman dute izena larunbatean Azokan egingo den belaunaldi arteko topaketa gastronomikoan parte hartzeko. Arroza prestatu beharko dute partaideek 12:00etatik aurrera, eta Gizarte Zentroan egingo da gero dastaketa.
Buztintegi elkarteak eta Legazpiko Udalak antolatutako topaketa gastronomikoa da, «topaketa desberdina» hain zuzen, bertan parte hartuko duten taldeetako kideak belaunaldi desberdinetakoak direlako. «Ez da lehiaketa izango, ez dago saririk, baina epaimahai bat ere badago, hori ere belaunaldi artekoa, eta talderik onena zein den erabakiko du». Epai mahaiak plateraren originaltasuna eta aurkezpena, garbitasuna eta taldearen giroa hartuko ditu kontuan epaia ematerakoan.
Munduko arrozen inguruan antolatu dute topaketa gastronomiko hau, eta talde bakoitzak 250 gramo arroz prestatu beharko dute, nahi duten osagaiekin.
GizarteLab
Bigarren aldia da Legazpin belaunaldien arteko topaketa gastronomikoa egiten dena. Egitasmo hau GizarteLab esperimentazio sozialeko laborategiak Legazpin duen taldean sortu zen. Herrian aldaketa demografikoak eta populazioaren zahartzeak eragingo dituen ondorioekin kezkatutako jendea da, eta belaunaldien arteko harremanak sendotzea ezinbestekotzat ikusten dute.