LegazTipi Taparen gaurko ibilaldian ere arrosa kolorea izan da nagusi
Katxalin elkarteko kideek gidatu dute taldea. Bihar eliza atarian egongo dira elkarteko kideak xingola arrosekin dirua biltzen, eta Ilintiren azken kanpainaren sari banaketan parte hartuko dute.
Legazpiko Katxalin elkarteko kideek LegazTipi-Tapa ibilbidean parte hartu dute gaur goizean, bularreko minbiziaren aurkazko nazioarteko egunean. Partaide guztiek zapi arrosa jantzi dute, eta bat egin dute egun honekin. Amaieran taldeko argazkia atera zuten, xingola arrosak jarrita dauden udaletxeko balkoiaren azpialdean.
Bihar hitzordu gehiago ditu Katxalinek Legazpin. Batetik, azoka eguna dela baliatuz, ohiko diru bilketa egingo du xingola arrosekin eliza atarian mahaia jarrita. Bestetik, Ilinti merkatari elkartearen azken kanpainan parte hartu duenez, 13:00etan udaletxe inguruan egingo den sari banaketa ekitaldian ere parte hartuko du, Garaguneko kideekin batera. Bularreko minbiziaren aurkako sentsibilizazio kanpainari keinu eginez, Katxalineko kideek jositako bihotzez eta Garaguneko erabiltzaileek egindako xingola arrosez bete ditu bi ontzi Ilintik eta elkarteko kide diren bi dendetako erakusleihoetan jarri ditu. Bihotzen eta xingolen kopurua asmatu behar zen. Beni Viana izan da irabazlea eta 500 euroko saria jasoko du bihar.