"Denentzako" jaialdia izan da
Ordiziarrock XX. jaialdia amaituta, "balorazio orokor oso positiboa" egin dute antolatzaileek, parte hartzea handia izan delako eta publiko ezberdinentzako ekintzak egin direlako.
Ordiziarrock jaialdiaren hogeigarren edizioa amaituta, “balorazio orokor oso positiboa” egin dute antolatzaileek. Balorazioa egiterakoan bi faktore hartu dituzte kontuan: batetik, jendearen parte hartzea handia izan dela, eta bestetik, “denentzako” jaialdia izan dela, publiko ezberdinentzako ekintzak egin direlako. “Alde horretatik gure helburua hori da azken batean, eta lortu dugu”.
Hiru egunez, bertako zein kanpoko artistek eskaini dituzte emanaldiak, eta “maila izugarria” erakutsi dute. Ostegunean hasi zen XX. Ordiziarrock jaialdia, D’elikatuzen, Pello Ramirez biolontxelo jotzaile ordiziarraren kontzertuarekin, Nacho Soto piano-jotzaile asturiarrarekin batera. Aretoa txiki gelditu zen. “Ikuskizun zoragarria eman zuten, atmosfera polita sortu zuten eta jendea oso gustura egon zen”, azaldu du antolakuntzak.
Ostiralerako eta larunbaterako, berriz, kontzertu areto bihurtu zuten frontoia. Bake Faltsua ordiziarrek ireki zuten ostiraleko egitaraua. Hasieratik jende ugari gerturatu zen eremura, eta Josetxu Piperrak-en kontzerturako goraino bete zen.
Larunbatean Balloon Frame Ordiziako, Irungo eta Gasteizko rap taldeak iluntzea girotu zuen rap eta hip hop doinuekin. Afaltzeko tartean hurrengo urteari begira kontuan izango duten momentua sortu zen: “N-Lezz DJ-ak zeuden bitartean, ume batzuk gerturatu eta dantza gune inprobisatua sortu genuen gaztetxoentzat. Gustura ibili zirela ikusi genuen eta agian hurrengorako txertatuko dugu”. Ondoren, ia “errotuta” dagoen ikuskizun sorpresa izan zen. Maitane Perez dantzari ordiziarrak eta Kristo Mateus haren dantza bikoteak ikuskizuna eskaini zuten, “izugarrizko kalitatezkoa eta jendea aho zabalik utzi zuena”. Kerobia talde iruindarrak show itzela eman zuen pop-rock doinuekin gero. Eszenariotik publikoa zegoen lekura ere jaitsi ziren eta ikuskizun ederra eman zuten.
Kerobia eta Belako artean ere Maitane Perezek eta Kristo Mateusek dantza ikuskizuna egin zuten, jada jende gehiagorekin, eta “jaialdiari beste dimentsio bat” ematea lortu zuten haien mugimenduekin. Belako talde mungiarra ikusteko frontoia jendez bete zen beste behin, eta bukatzeko, N-Lezz Ordiziako eta Legorretako Dj-en musika eskaintzarekin amaitu zen gaua eta XX. Ordiziarrock.
Hurrengoari begira
Antolakuntzak egindako lanari esker, kontzertu areto erraldoia izan da frontoia bi egunetan. “Frontoia eraldatzen dugu kontzertu areto handi batean, eta horrek lan handia suposatzen du. Hurrengo urteari begira gauza horiek ere baloratzen ditugu, modu batera edo bestera guk ere gozatzeko aukera izan dezagun”. Orokorrean, “oso positiboki” baloratu dute aurtengo jaialdia, aniztasun handia izan delako eta jende asko gerturatu delako. Hurrengo urtera begira jarri dira dagoeneko, eta talderen bat edo beste “erdi lotuta” daukate.