Gorka Izagirre laugarren Tolosako ziklo-krosean
Aner Irizar zumarragarrak irabazi egin du kadeteetan. Aurten Goierrin bi ziklo-kros proba jokatuko dira soilik: Seguran eta Ormaiztegin.
Gustuko diziplina duela ukatzerik ez dago, eta ziklo-kroseko euskal egutegiko lehen proban lehian ibili da. Gorka Izagirre laugarren sailkatu zen atzo Tolosako ziklo-krosean, Pablo Arsuagaren oroimenezkoan.
Diego Ruiz de Arkaute nagusitu zen, eta haren atzetik, 18 segundora, Gorka Corres eta Aitor Hernandez sartu ziren. Izagirre bi minutu eta 18 segundora helmugaratu zen.
Errepideko denboraldia prestatzeko erabili ohi du ormaiztegiarrak ziklo-krosa. Oraingoz Movistar Team taldeko txirrindularia da, baina urtarrilaren 1etik aurrera Cofidisen ariko Ion anaiarekin batera.
Kadete mailan, berriz, Aner Irizar zumarragarrak irabazi egin zuen.
Goierrin bi proba
Tolosan abiatu da aurten ziklo-kros denboraldia, eta Goierrin, bi proba soilik jokatuko dira: Segurakoa abenduaren 10ean eta Ormaiztegikoa urtarrilaren 7an.