Jentilen Etorrerako kalejira eta antzezpena bideoan
Bi mila lagun inguruk ikusi dute aurten Jentilen Etorrera antzezpena, bi saiotan. Ikuskizunean 150 herritarrek hartu dute parte. Albiste barruan harreraren eta Auzoetako antzezpenaren bideoak.
Inoiz baino egiazko eta inoiz baino mitoago: Ataun eta Jentilak bat eginda. Urte bat gehiagoz, jentilen mundu miresgarri eta misteriotsuan murgildu ziren Ataunen.Jentilen Etorrera oso arrakastatsua bizi izan zuten. Bi mila lagun inguru, aho zabalik, batzuetan barretxoa ezpainetan zutela baina gehienetan beldurrez airean, hala ere gozatu ederra hartuz. Ikuskizun aberats eta oso zainduan, oraindik gurekin eta gure barruan, bizirik irauten duen mundua agertu zuten antzezleek, misterioz betetako mundu miresgarria.Izaki eta gizaki harrigarriz osatutako kale-antzerki ikuskizuna izan zen. Oraingoan ere, bi zibilizazio, jentilak eta kristauak, aurrez-aurre baina aurten, Gaueko izakiak izan dira protagonista. Izaki beldurgarriek, gogor eraso zieten kristauei eta berdin Jentilei ere, errua elkarri leporatuz. Azkenean, eskerrak Mari Jainkosak lortu zuen Gaueko izaki beldurgarriak menperatzea.Beste behin, eszenaratze aberats eta eder baten laguntzaz, antzezle bikainak ikusi ditugu tranpaldo gainean, etorkizuna ziurtaturik dela erakutsiz. Ekarpen handia egin diote emanaldiari, Eate Abesbatzak eta Otsoa Dantza Taldeak.Behin berriro lan bikaina egin dute Jentilbaratza Elkartearen eskutik, ikuskizunean parte hartu duten 150 partaideek.Jentilbaratza Kultur Elkartea