Udal liburutegia erakusteko bisita gidatuak, 5 urteko haurrei zuzenduta
Gaur ospatzen den Liburutegien egunarekin bate eginez, liburutegiaren funtzionamendua erakutsiko dizkiete Legazpiko haurrei, «irakurketaren plazera» ezagutzen has daitezen. Urtero antolatzen dituzte bisitak.
Legazpiko Udal Liburutegiak bat egin du gaur ospatzen den Liburutegiaren egunarekin, eta 5 urteko haurrentzako bisita gidatuak antolatu ditu aste honetarako, azken urteetan bezala. Ostegunean eta ostiralean egingo dituzte, haurrek liburutegia eta «irakurketaren plazera» ezagutzen has daitezen.
Bisita gidatuek 50 minutuko iraupena izango dute, eta liburutegian mugitzen, argitalpenak eta informazioa bilatzen, bazkide egiten eta liburutegian beraientzako prestatzen diren ekintzen berri ezagutzen erakutsiko zaie haurrei, besteak beste. Saio bakoitzaren bukaeran, Itziar Mujikak ipuin bat kontatuko die.
Irakurketa klubak
Aste honetan, gainera, irakurketa kluben topaketak ere egingo dira liburutegian. Bihar, Irakurketa Erraza Kluba bilduko da liburutegian, Rudyard Kiplingen Capitanes valientes liburua irakurtzeko.
Helduentzako euskarazko taldea ostegunean elkartuko da, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea liburuaz Miriam Lukik gidatuta aritzeko. Gaztelerazko taldearen bilera hurrengo asteartean da, hilak 31, Monica Leivarekin. Italo Calvinoren El baron rampante ari dira irakurtzen.