Erromeria eta festa izango dira igandean Ardanbidetan
Kimu-berri elkarteko kideek antolatuko, azken urteetan bezala. Kirolak, jokoak, musika eta jatekoa izango dira egun osoan zehar. Urriaren azken igandean izaten da erromeria.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, urriko azken igandean erromeria egingo da Lakiola inguruan dagoen Ardanbidetako zelaietan, Kimu-berri elkarteko kideek antolatuta. Egun osorako ekintzak prestatu dituzte, eta jatekorik ere ez da faltako.
Erromeria eguna goizean goiz hasiko da, eta Izadi Zaleak mendi elkartearekin batera, Ardanbidetara oinez igotzeko deia egin dute. Hala ere, oinez joan nahi ez dutenentzat autobus zerbitzua izango da, Laubide auzoko biribilgunetik, igotzeko zein jaisteko, goizez eta arratsaldez.
Han, aterpean bertan eta inguruan, salda eta txorixoa banatuko dute goizean, eta haurrentzako eta helduentzako jokoak, herri kirolak, sokatira erraldoia, zaldi paseoak eta arku tiraketa erakustaldia egongo dira. Bazkaltzeko, berriz, paella izango da doan, 200 errazio guztira. Musika ere izango da egun osoan zehar.
Erromeria hau urteetan Zingi Zango euskara elkarteak Agorreko Santikutzetan antolatzen zuen festaren ondorengoa da. Elkartea desegin zenean, Kimu-berri aterpea kudeatzen dutenek hartu zuten erreleboa, eta urriko azken igandean hasi ziren antolatzen duela urte gutxi.