Josu Mugika biktima aitortu eta gero, agerraldia egingo dute bihar Txillida Lantokian
Madrilen hil zuen poliziak, 23 urte zituela, Segoviako espetxeko preso politikoen ihesaldia prestatzen ari zela. Legazpiarra zen, eta ETA PMko kidea.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako Sailburuordetzak 2023ko maiatzaren 15eko Ebazpenean Josu Mugika Aiestarani biktima izaera aitortu ondoren, Legazpin agerraldia egingo dute bihar arratsaldean bere familiak eta biktima izaera hori aitortzeko lanean aritu diren herrikideak. Hitzordua 17:30an izango da, Txillida Lantokian.
Nekane Gonzalezek gidatuko du ekitaldia, eta Mugikaren bikotekidea zen Maria Jesus Lezetak eta Aitziber Gine ilobak hartuko dute hitza. Senitarteko gehiago, lankideak, lagunak, eta hil zuten egunean berarekin zeuden kideak ere izango dira.
Josu Mugika Aiestaran 23 urteko legazpiarra zen, ETA PMko kidea. 1975eko uztailaren 30ean hil zuen poliziak, Madrilen, Segoviako kartzelako preso politikoen ihesaldia prestatzen ari zela. Lau bertsio zabaldu ziren heriotzaren inguruan: bihotzekoa izan zela, bere buruaz beste egin zuela, tiro-trukean hil zela eta, atxilotu ondoren, ihes egiten saiatu eta tiro egin ziotela.