Tren zerbitzuko arazoarentzat konponbidea eskatu dio Legazpiko Udalak Renferi
Azken aldian tren batzuk ez dira Legazpiraino joaten, edo berandu iristen dira, herritar askori eraginez. "Berehalako irtenbide bat" eskatu du udalak.
Legazpira trenak atzerapenarekin iristen direlako edo iristen ez direlako, udalak arazo horri «berehalako konponbidea» emateko eskatu dio Renferi, herritarren aldetik eskaerak eta kexak jaso ondoren. Izan ere, tren zerbitzuan dauden arazo horiengatik «asko dira lantokira edo bestelakoak egitera berandu iristen edo iristen ez diren herritarrak».
Udala irailean jarri zen harremanetan Renferekin, eta arazoa «berehala konpontzeko» eskatu zion. Renfek erantzun duenez, «arazo operatiboak direla eta», Zumarragan behin baino gehiagotan kendu behar izaten dira trenak, eta «aldez aurretik jakiterik ez duten zirkunstantzia izanik», ezin izaten zaie bezeroei abisua eman. Horregatik jartzen dituzte taxiak edo autobusak, Brinkola, Legazpi eta Zumarragako geltokien arteko joan-etorriak egiteko. Baina geltokietan langilerik ez dagoenez, garraio alternatibo hori «komunikazioa balidatzeko makinetan eta autosalmentarako makinetan kokatutako interfonoen bidez» eskatu behar da.
Udalaren ustez, garraio alternatibo horrek «ez du arazoa konpontzen, behin eta berriz errepikatzen den egoera” delako. «Puntualtasun eta konpromiso falta hori guztiz onartezina dela uste dugu, baita herritarrenganako errespetu falta ere». Horregatik udalak “kexa formal bat” bidali dio zuzenean Renfeko zuzendari nagusiari, «berehalako irtenbide bat eta etorkizunean horrelakorik berriz gerta ez dadin neurri zehatzak eskatzeko”. Horrekin, Renferen arreta erakartzea, eta herriko tren garraioaren egoera hobetzeko “ekintza zehatzak” hartzera bultzatzea espero dute.