Giro bikaina Ardanbidetako erromerian
Kimu-berri aterpeko kideek antolatuta, legazpiar ugari hurbildu zen atzoko festaz gozatzera. Arku tiraketa, zaldi paseoak eta herri kirol jokoak izan ziren goizean zehar, baita bertan prestatutako paella ere, bazkaltzeko.
Urriko azken igandea izanik, festa giroa itzuli zen atzo Ardanbidetako zelaietara, Kimu-Berri aterpea kudeatzen duen elkarteak data horretan ohiko bihurtu duen erromeriari esker. Eguraldi iragarpenak ez ziren oso onak, eta azkenik euria egin zuen, baina hala eta guztiz ere, jende asko bildu zen festaz gozatzeko, eta giro bikaina izan zen bertan.
Goizean hasi zen erromeria, Izadi Zaleak elkartekoekin Laubidetik oinez egindako igoerarekin. Autobusa ere izan zen Lakiolaraino, gora eta behera ibiltzeko. Festa gunean Ardanbidetan, aterpearen ondoan zegoen antolatuta, eta hara iristean salda eta txorizoa zuten mendizaleek indarrak berritzeko, baita autobusez igo zirenek ere. Ondoren, arku tiraketa eta Ormazarreta zalditegiko zaldietan paseoak egiteko aukera izan zuten guztiek, eta bazkal aurretik, herri kirol norgehiagoka, helduentzat eta gaztetxoentzat.
Bazkaltzeko paella egin zuten, eta prestatutako guztia amaitu zen. Festa bazkalondoren amaitu zen, euria hasi zelako, eta arratsalderako iragarrita zeuden jokoak bertan behera geratu ziren. Hala ere, erromeriaren balantzea oso ona izan zen, eta hurrengo urtean eguraldi hobea izango delakoan geratu ziren antolatzaileak eta erromeria zaleak.