Herri batzarra deitu du EH Bilduk ostegunerako
Egungo egoera politikoaz jardungo dute lehenik, eta udalean legealdi honetarako dauden erronkak aztertuko dituzte gero. Bilera Kultur Etxean izango da, 18:00etan.
Legazpiko EH Bilduk ikasturte hasierako herri batzarra egingo du ostegunean, azaroak 2, Kultur Etxeko areto nagusian, 18:00etan. Bileran, egoera politikoaren irakurketa egingo du koalizioko Legazpiko koordinatzaile orokorrak, eta EH Bilduren plan politikoa aurkeztuko du. Horrez gain, 2023-2027 legealdiko erronkez ere hitz egingo du.
Bilduren komunitatea osatzen duten kide eta lagunei zuzenduta dago “hitzordu garrantzitsu hau”, eta bi gai nagusi landuko dira bertan. Batetik, “egun bizi dugun egoera politikoaz” ariko dira, eta besteak beste, “ziklo elektoralaren balantzea eta ondorioak, munduan dauden krisiak eta ziklo aldaketari buruz” hausnartuko dute, 2023-2024 ikasturterako landu duten “plan politikoa eta kronograma” aurkeztearekin batera. Bestetik, “udalgintzako gaiez ere” jardungo dute, eta “2023-2027 legealdiko erronka nagusiak zeintzuk diren eta antolaketa eta funtzionamendurako proposamenak” eztabaidatuko dituzte.