Legazpitik autobusa egongo da Bilboko euskararen aldeko manifestaziora joateko
Urriko udalbatzan onartu zuten mozioaren ondoren, udalak manifestaziora joateko deia luzatu die legazpiarrei.
Kontseiluak deituta, Bilbon azaroaren 4an «Euskararen kontrako oldarraldi judizialaren aurka» lelopean egingo den manifestaziora joateko
autobusa egongo da Legazpitik.
Autobusa 15:00etan aterako da Saturnino Telleriako geralekutik, eta txartelak 10 euro balioko du. Izena eman behar da azaroaren 2rako, eta horretarako 677 85 34 80 zenbakira deitu daiteke. Internetez ere eman daiteke izena
Legazpiko Udalak bat egin du manifestazioaren deialdiarekin, eta joan den astean egindako osoko bilkuran EH Bildu, Berdeak + Independientes eta EAJ taldeek Euskal Autonomia erkidegoko auzitegi nagusiaren 435/2023 epaiaren aurrean aurkeztutako mozioa onartu eta gero, larunbatean Bilbora joateko deia egin diete legazpiarrei.
MOZIOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIAREN 435/2023 EPAIAREN AURREAN
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman berri duen epaia dela eta. Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Ondorioz, honako hau adierazten dugu:1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Legazpiko Udalak berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.
2.- Legazpiko Udalak uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Legazpiko Udalak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofizial aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.
3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.
4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Legazpiko Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.
5.- Legazpiko Udalak Kontseiluaren aldarrikapenarekin bat egiten du eta epaiaren aurka azaroaren 4an egingo den manifestazioan parte hartzera animatzen ditu Legazpiko herritar guztiak.