Arantzazuko I. Topaketa egin dute Joxe Azurmendi Katedraren hainbat kidek
Euskal pentsamenduaren iraganaz eta etorkizunaz aritu dira, pentsalari zegamarrak jorratutako bidean jarraitzeko asmoz. Filosofian sakontzeko beste hiru ekimen ere iragarri dituzte.
Ikasturtearen hasierarekin batera, Joxe Azurmendi Katedrak, beste hainbat eragilerekin batera, zenbait ekimen jarri ditu abian Euskal Herrian pentsamendua, gogoeta kritikoa eta filosofia bultzatzeko. Topaketak, masterrak eta doktoretza tesiak egiteko laguntzak edota arlo ezberdinetan sariak banatzea dira ekimen horietako batzuk.
Gandiaga Topagunean, ArantzazuLab-en, egin zuten urriaren 13an Joxe Azurmendi Katedrak antolatutako lehen topaketa. Esparru ezberdinetako hogei bat lagun bildu ziren «euskal kulturaren errotze eta zabaltzean sinbolo behinena» izan den Arantzazuko santutegiaren bueltan. Orain arte katedrak bultzatu dituen ekimen, jardunaldi, argitalpen, laguntza eta beste hainbati buruzko informazioa trukatu eta zabaltzeaz gain, euskal pentsamenduaren egoeraz eta erronkez hausnartu zuten.
Hala, egun osoan zehar, Joxe Azurmendi pentsalari zegamarraren pausoei jarraituz, Unibertsitate eta Bigarren Hezkuntzako filosofia irakasleek, doktoregaiek, ikerlariek, fundazio eta elkarte ezberdinetako partaideek filosofia euskaraz eta Euskal Herritik sustatzeko aukera eta ekimenak izan zituzten hizpide.
Laguntzak eta sariak
Joxe Azurmendi Katedrak iragarri du bi diru laguntza emango dituela 2023-2024 ikasturtean Filosofia: Zientzia, Gizartea, Teknologia masterra egiteko. Horietako bakoitza 5.000 euro gordinekoa izango da. Onuradunek gai filosofiko baten inguruan eta euskaraz idatzi beharko dute haien Master Amaierako Lana (MAL). Oinarri eta xehetasun guztiak katedraren webgunean aurki daitezke. Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean emango ditu laguntzok Katedrak.
Horrez gain, katedrak 2023an aurkeztutako bi Gradu Amaierako Lan (GRAL) sarituko ditu, 500 eurorekin bakoitza. Horiek ere euskaraz izango dira eta oinarrietan aipatzen diren iker-lerroekin bat egingo dutenak hobetsiko dituzte.
Doktoretza tesia
Bestalde, Jon Jimenez Martinez tafallarra aukeratu du Katedraren hautaketa batzordeak doktoretza-aurreko ikerlari moduan kontratatua izateko. Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Aro Modernoko euskal pentsamendua eta horren kanporako eta barnerako eraginak aztertuko ditu. Doktoretza tesia egiteko lehen laguntza goierritar batek jaso zuen orain hiru urte, Mikel Urdangarin beasaindarrak.
Aforismo lehiaketa
Azkenik, EHUren Gipuzkoako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Joxe Azurmendi Katedrak Oihenart Aforismoen XI. Lehiaketa jarri dute abian. Euskaraz idatzitako pentsakizun labur eta original onenak hautatuko dituzte bi kategorietan, 25 urtetik beherakoen artean eta 25 urtetik gorakoen artean. Multzo bakoitzean, 500 euro jasoko ditu irabazleak eta 250 euro bigarrenak. Azaroaren 5erako bidali behar dira lanak. EHUren webgunean kontsulta daitezke xehetasun guztiak.