Mutiloako txerri azoka igandean egingo dute
Hamabosgarren edizioa izango da. Ohiko legez egun osoko egitaraua antolatu dute mutiloarrek. Gaur amaituko da herri bazkarian izen emateko epea.
Hilaren 11an San Martin eguna da, eta egun horren bueltan hainbat herritan ohitura da txerri eta txerrikiari lortuta ospakizunen bat edo beste izatea. Urtero bezala, Mutiloarrek ez dute hutsik egingo, eta aurten Txerri Azokaren hamabosgarren edizioa egingo dute. Igandean izango da festa.
Gainontzeko urteen antzera, eguneko egitaraua antolatu dute. Goizeko 10:00etan emango diote azokari irekiera. Goizean zehar txerri erretzea egingo dute parrilan, baita txerri erakusketa ere. Gainera, aditu batek urdaiazpiko mozte erakusketa egingo du eta dastatzeko aukera egongo da. Umeentzako bideratutako ekintzak ere egongo dira, eskulan ezberdinak egin ahalko dituzte. Eta, jatorri ezberdinetako ekoizleak, kultura bakoitzeko ohituretan oinarrituak, txerriki salmenta ere egingo dute.
Eguerdi aldera, ordea, odolkiak egiteko erakustaldia eskainiko dute. Jarraian, pintxoak egongo dira, izan ere, aurretik erretako txerriaren dastaketa egingo dute.
Iñaki Ugalde, Mutiloako alkateak adierazi du txerriari bere osotasunean probetxua ematen diotela: «txerri produktu guztiak saltzen dira, denetarik dago. Baita barazki eta produktu gozoak ere. Guztira 25 bat postu izaten ditugu, gutxi gorabehera». Goierriko ekoizleez gain Euskal Herriko beste lurraldeetatik ere etorriko dira saltzaileak.
Bazkaria
Txerri Azokan nahikoa jan ez, eta ohi den moduan herri bazkaria antolatu dute. Babarrunak aza, odolki eta saiheskiarekin. Bazkarira joan nahi izanez gero, gaur da sarrera erosteko azken eguna, 20 euroan. Ostatuan daude salgai edo udaletxera deituta: 943 80 04 50.
Autobus zerbitzua
Gainera autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte Txerri Azokara joateko. Bi linea: Lazkao, Ordizia eta Beasain. Joanekoak Lazkaotik hasita 09:30ean eta 11:00etan eta bueltakoak 12:30ean eta 13:45etan; beste linea, Zegamak, Segurak eta Zerainek osatzen dute. 10:15ean eta 11:45ean abiatuko da joaneko autobusa Zegamatik eta bueltakoak 13:15ean eta 14:30etan abiatuko dira