Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Mirandaolara
Lenbur Fundazioak gonbidatuta, abenduaren 23ra arte astebururo joango dira parkera eta burdinolara, haurren bisitak hartzeko. Oraindik badago lekua asteburu honetarako.
Aurten ere iritsi dira Mirandaolara Olentzero eta Mari Domingi, eta Gabonak bitartean, bertan izango dira astebururo Euskal Herriko milaka lagunen bisitak jasotzeko prest, Lenbur Fundazioak gonbidatuta.
Irailean ireki zuen Lenburrek tailerretarako izen-emate epea, eta txanda gehienak beteta badaude ere, oraindik badago tokia hainbatetan. Asteburu honetan bertan, esaterako, tokia dago bazkalondoren, baita iluntzean ere. Iluntzeko saioak bereziak dira, bi pertsonaiak zuziekin agertzen direlako parkean.
Izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.
Duela hamabi urte
Olentzero duela 12 urte hasi zen Mirandaolara joaten haurren bisitak jasotzera, eta iaz Mari Domingi elkartu zitzaion zeregin horretan. Bi pertsonai horiez gain, ipuin kontalaria, Burdintxo eta gaztaina erretzailea ere izaten dira Lenburrek antolatutako familia jarduera horietan. Aurtengo kanpainan 25 langile inguru arituko dira.
Euskal Burdinaren Museoan hasten da jarduera, Olentzero eta Mari Domingiri buruzko ipuin kontaketa batekin. Gero, Burdintxo pertsonaiak lagunduta, bisitariak parkera ateratzen dira, burdinolarako ikatzarekin eta sendabelarrekin menditik datozen bi pertsonaien bila. Burdinolara joaten dira gero, eta han gutunak eta bestelako opariak emateko aukera izaten dute haurrek, baita Olentzerorekin eta Mari Domingirekin banan bana argazki ugari ateratzeko ere.
Olentzero eta Mari Domingi ikustera milaka pertsona joango dira aurten ere Lenburren aurreikuspenen arabera. Bisitari kopuru horrek Mirandaolan sortuko duen mugimendua herrigunera ere iritsiko da, familia askok Legazpi bisitatuz eta taberna, jatetxe eta dendetan kontsumituz osatzen dutelako txangoa.