Saririk gabe itzuli dira Legazpiko hiru dantzariak aurresku txapelketatik
Irati Olaizola, Maider Encina eta Naroa Sanchez aritu ziren lehian atzo Hondarribian jokatutako txapelketan. Laia Arruabarrena ere joatekoa zen, baina min hartuta zegoenez, ez zuen parte hartu azkenean. Gustura eta pozik aritu dira lehian, eta laster berriz ere lanean hasteko prest izango dira.
Saririk gabe itzuli badira ere, “gustura eta pozik” aritu dira Sustraiak dantza taldeko hiru dantzarik atzo Hondarribian jokatutako Euskal Herriko bosgarren gipuzkoar erako Aurresku Txapelketa Nagusian. Legazpitik lau dantzari joatekoak baziren ere, azkenean Laia Arruabarrenak ez zuen parte hartu min hartuta zegoelako, eta Irati Olaizola, Maider Encina eta Naroa Sanchez aritu ziren lehian.
Hamar dantzarik parte hartu zuten guztira, 15 urtetik gorakoak guztiak, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatuko Jose Luis Vallejo, Nagore Indakoetxea eta Nahikari Vizuete adituek osatuko epai mahaiak Lezoko Mikel Esnaola aukeratu zuen irabazle. Bigarren saria Oiartzungo Mattin Etxebesterentzat izan zen, eta hirugarrena, Lezoko Ane Jaunarenarentzat.
Legazpiko hiru dantzariek atseden labur bat hartuko dute orain, eta laster “berriro ere lanean hasteko prest” izango dira.