Xabi Zurutuzak seigarren postuan amaitu du JuniorGP txapelketa
Valentziako Ricardo Torno zirkuituan amaitu du denboraldia. Pole-a lortu zuen larunbateko sailkapenetan, baina laugarren eta zazpigarren egin zuen azkenik igandeko bi lasterketetan. Hurrengo urtean Moto3n lehiatuko da legazpiarra, mundu mailan.
Xabi Zurutuzak ezin izan du lortu azkenik Junior GP moto txapelketako bigarren postua, Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan jokatutako azken lasterketetan laugarren eta zazpigarren egin eta gero. Larunbateko sailkapen probetan Polea lortu zuen, baina igandeko lasterketan ez zituen txapeldunorde titulua eskuratzeko nahiko puntu lortu. Seigarren postuan amaitu du txapelketa, eta denboraldia.
Legazpiko moto pilotuak “urte polita eta ikaragarria” izan dela adierazi du. “Azken bi lasterketetan podiuma egin nahi nuen, baina ezinezkoa izan da, nahiz eta gertu egon garen”. Denboraldia amaituta, eskerrak luzatu dizkie MTA talde italiarreko kide guztiei eta babesleei, “aurten lehiatu izana posible egin dutelako”.
Orain “etapa berri bat” hasiko du Zurutuzak, hurrengo denboraldian mundu mailako Moto3 txapelketan parte hartuko duelako Red Bull KTM Ajo talde handiaren babesean. Denboraldi berriko lehen lasterketak martxoaren 23 eta 24 izango ditu, Losail zirkuituan (Qatar).