Betikoak zein berriak, produktu aukera zabala
Bruselaza eta babarrun zuria batetik, mihilu erraboila eta errefau aza bestetik. Batzuk betiko produktuak dira, beste batzuk berriagoak, baina guztiek dute lekua Ordiziako ferian. Perretxikorik ere ez da falta izaten, eta gaur onddoak izan dira nagusi.
Berritasun gutxiko feria izan da gaur Ordiziakoa, garai honetan ohi den bezala, baina produktu berriak ikusi, ikusi dira. Hala, azaren familia handitzeko bruselaza ere iritsi da, eta beste bi barazki berri ere bai: mihilu erraboila eta errefau arbi gorria, horiek ere udazken-negukoak.
Bestela, eguraldi politarekin eta bisitari ugarirekin joan da goiza. D’elikatuz zentroaren bitartez azoka ezagutzen izandako bisitariak Holandatik iritsitako turista talde bat, Basque Culinary Centerreko ikasleak eta Zarauzko La Salle ikastetxeko ikasle gaztetxoak izan dira. Bestela, eguerdia gerturatzearekin batera, plazako eta inguruko giroa areagotzen joan da.
Azaren familiakoak
Aurreko astean bezala, aste honetan ere azaren familiako produktuak izan dira protagonistak, bruselaza, hain zuzen ere. Baliarraingo Edurne Jauregik eta Aramako Zurutuza ahizpek zituzten salgai urteko lehenak, kiloa 6 eta 7 euro artean, batek ale txikiagoak, besteak ale handiagoak. Jendea zain zegoen nonbait, azkar batean saldu dituztelako azatxo horiek bi postuetan.
Zeraingo Iñaki Intxaustik aurkeztutako mihilu erraboilak (1,5 euroan) eta errefau aza gorriak (euro batean) ez dute harrera berdina izan, hemen ez baitago horiek jateko hainbeste ohiturarik. Baina ekoizle ekologiko hau bezala, bada produktu berriak probatzeko gogoz dagoen jendea ere, eta horientzat aukera paregabea izan da gaur goizekoa.
Betiko produktuak
Produktu klasikoagoa da babarruna hemen. Beltza aspaldi iritsitakoa da feriara, eta ekoizleek esaten dutenez, datozen asteetan ere ez da faltako. 16 euroan dago kiloa, aletutakoa. Baina zuria ere badago, Patxi Arizmendiren postuan, ale txikikoa, eta 10 euroan kiloa.
Perretxikoak ere beste klasiko bat dira. Gaur 162 kilo onddo (18-34 euroan kiloa), 36 kilo ziza hori (18-22 euro), 20 kilo niskalo (15-22 euro ) eta 20 kilo mendiko angula (20 euro) egon dira aukeran. Lasak, gainera, eperrak ere bazituen, luma eta guzti 10 euroan bakoitza.
Loreak ere aipatu behar dira, denak ez direlako udaberrikoak, ez Araman behintzat. Zurutuza ahizpek nerine lore arrosekin egindako sortak zituzten salgai, 5 euroan, eta Miren Jauregik margarita frantsesen sortak, zuri-horiak, 3 euroan.
Mizpirak ere garai honetakoak dira. Aurretik ere ikusi dira ferian, Altzagako Arantxa Lopetegiren postuan, baina gaur Patxi Arizmendik eta Lourdes Barojak ere bazituzten. Kiloa 3 euroan dago.