Ibilgailuen matrikulak kontrolatzeko kamerak jarriko ditu Legazpiko Udalak
Urteko lehen erdian herrian izan diren lapurreten eta beste gertaera batzuen ondorioz hartutako neurria da. Azpikoetxen, Bikuña kiroldegian, Bellotako semaforoan eta Zorrotz lantegiaren parean ari dira jartzen. Urte amaieran martxan egongo dira.
Dagoeneko hasi dira kamerak jartzeko lanak eta urte amaierarako martxan egongo dira. Bikuña kiroldegian, Azpikoetxen, Bellotako semaforoan eta Zorrotz enpresaren aurrean jarriko dituzte.
Udalak azaldu duenez, 2023an gora egin dute etxebizitzetan, ibilgailuetan, establezimenduetan eta antzekoetan egindako lapurretek. Legazpiko Udaltzaingoan bederatzi salaketa jarri zituzten herritarrek lapurregatik urtarriletik apirilera bitartean, eta maiatzean beste hamaika. Gainera, Ertzaintzak ere hainbat salaketa jaso zituen, eta salaketarekin amaitu ez ziren lapurreta saiakera ugari ere izan ziren.
Urteko lehen erdian «herriak jasan zuen desgabesgabetasun egoeraren aurrean», orduko alkatea Ertzaintzaren buruzagiarekin bildu zen apirilean, «laguntza eskatzeko». Bilera hartan adostutakoaren arabera, «poliziaren presentzia nabarmen handitu» da eta «prebentzio kontrolei esker, lapurretak murriztea» lortu da.
Lapurretez gain, herrian bestelako gertakariak ere izan direla jakinarazi dute. «Aurten herrian alarma eragin du 12-13 urteko adingabeak jazartzen eta beldurtzen zituen gizon baten presentziak», baina udaltzaingoaren laguntzarekin, udalak «egoera horri erantzun zion, ikastetxeen inguruan areagotu egin zelako zaintza eta kontrola, uniformerik gabeko agente batekin.
Kamerak, prebentziorako soilik
Horrelako prebentzio neurriek «delituak arintzen laguntzen dutela ikusita», eta gaurko gobernu taldearen «erabateko lehentasuna» herritarren segurtasuna mantentzea denez, alkatetzak erabaki du udalerrian prebentzio baliabideak handitzea, eta herriko sarrerak eta irteerak zainduko dituzten kamerak instalatzea, hainbat proposamen aztertu eta gero.
«Soilik matrikulak irakurriko dituzten kamerak (OCR)» izango direla berretsi dute udal ordezkariek. «Gure ustez, funtsezkoa da prebentzioa, damurik ez izateko».