Susana Jodra artista plastikoaren erakusketa dago ikusgai Juan Kruz ile apaindegian
Abenduaren amaierara arte egongo dira zabalik erakusketa, 'Tolesturen eta geruzen artean' izenburuarekin.
Susana Jodra Juan Kruz ile apaindegian. ARGAZKIA: Gorka Salmeron Tolesturen eta geruzen artean izenburuko erakusketa dago ikusgai Juan Kruz ile apaindegian, ‘Pelu’-nen. Susana Jodra Llorente artista plastikoaren lanak dira, eta abenduaren amaierara arte ikusi ahal izango dira.
Susana Jodra Llorente EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta unibertsitate bereko Arte Ederretan doktorea da, eta erakusketaren antolaketan lagundu duen Gorka Salmeronen irakaslea izan zen, grabatuko zenbait ikasgaietan. Susana Jodra, gainera, Pelunen egiten diren erakusketen «erruduna» dela dio Salmeronek. «Bere ikasgai baterako proiektu bat garatu behar nuen eta gero nonbait aurkeztu Leioako fakultatean ikasten nengoenean. 2009 urtean egin nuen Pelunen lehen erakusketa, bere manikien grabatuekin, eta jarraian hamaika erakusketa antolatu ditugu 14 urteetan zehar artista ezberdinekin».
Bigarrenez Legazpin
Honako hau bigarren aldia da Jodrak bere lana ile apaindegian aurkezten duena, 2012ko urtarrila-otsaileko erakusketa berea izan zen.
Salmeronek azaldu duenez. «bere jarduera artistiko-ikertzailea eta irakaskuntza grafiko hedatuan oinarritzen da, eta arreta berezia eskaintzen die emakume artisten sortze prozesuei, ekologia eta giza ingurumenarekiko ikuspegi batetik. Bere obran denboraren igarotzea, harremanak eta informazioaren bistaratzea bezalako gaiak jorratzen ditu».
Bere lana Legazpira ekarri aurretik, estatutako eta nazioarteko hainbat erakusketa indibidual eta kolektibotan erakutsi du: Modulares III (Basel, Alemania, 2016), XI Invitational print exibithion (Tainan, Taiwan, 2007), Azimuth, (Hasselt, Belgika, 2018), Impact 10″(Santander, Espainia, 2018)…
Bestalde, Patricia Schneider artista suitzarrarekin batera Modulares proiektu artistikoan lan egiten du, eta Laida, Literatura eta Identitatea EHUko ikerketa taldeko kidea da. Hainbat argitalpenetan testuak eta ilustrazioak eta argitaratu ditu.













