Kaleko pintaketak kentzeko 7.600 euro gastatu ditu udalak
"Bandalismo" ekintzatzat jotzen ditu, eta garbiketa lanek udal aurrekontuetan "kostu handia" eragin dutela dio. "Adierazpen artistikorako" herrian dauden 13 guneak erabiltzeko eskatu die legazpiarrei.
Legazpiko Udala “kezkatuta” agertu da azken aste hauetan kalean egin dituzten pintaketekin, “bandalismo ekintza horiek, arazo estetikoak eragiteaz gain, gastu ekonomiko handia” ere eragiten diotelako udalerriari. Pintaketak, eta kartelak jartzeko guneetatik kanpo ipinitakoek zikindutako paretak garbitzeko aurten dagoeneko 7.600 euro baino gehiago gastatu dituela jakinarazi dute udal ordezkariek.
Diru hori “kostu handia izan da udal aurrekonturako”, eta horri, udal langileek garbiketa lanak egiteko behar izan dituzten orduak gehitu behar zaizkiola nabarmendu dute.
Bestalde, pintaketek herritarren artean “haserrea eta kexak” eragiten dituztela ere nabarmendu dute. Gainera, «segurtasun ezaren sentipena eta zikinkeria» areagotzen dute eta “udalerriaren bizi kalitateari” kalte egiten diote.
Horregatik, “zero tolerantzia” izango dute pintaketekiko, eta orain arte egindakoak “ahalik eta lasterren ezabatuko dira, herria garbi nahi dugulako”.
Kartelak jartzeko 13 gune
Udal agintariek gogorarazi dute “leku espezifikoak daudela kartelak jartzeko eta baimendutako adierazpen artistikoetarako”. Hamahiru panel daude udalerri osoan, eta horiek erabiltzeko eta errespetatzeko eskatu dute.