Saskibaloi eskolen topaketa antolatu du Andraitzek iganderako
Legazpiko klubeko jokalariekin batera, Arrasateko Ointxe-Ikerlan, Oñatiko Aloña Mendi eta Urretxu-Zumarragako Goierri-Frutas Martinez taldeetakoak ere arituko dira lehian. Domingo Agirreko kantxan jokatuko dituzte partidak, goizean zehar.
Aurreko denboraldiko saskibaloi eskolako kideak. ARGAZKIA: Andraitz Legazpiko Andraitz saskibaloi klubak saskibaloi eskolen topaketa antolatu du iganderako. Topaketa Domingo Agirreko ikastetxeko kantxan izango da, eta Andraitz, Arrasateko Ointxe-Ikerlan, Oñatiko Aloña Mendi eta Urretxu-Zumarragako Goierri-Frutas Martinez kimu mailako taldeek parte hartuko dute.
Lehen partida Andraitz eta Goierri taldeen aurkakoa izango da, 10:00etan. Ondoren, 10:50ean Goierri eta Ointxe neurtuko dira, 11:40ean Aloña Mendi eta Andraitz; eta 12:30ean Ointxe eta Aloña Mendi.













