Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak bat egin dute Txillidaren jaiotzaren mendeurreneko ospakizunekin
Eric Galvez alkatea eta Agurtzane Elustondo Lenburreko kudeatzailea ospakizunen aurkezpenean izan ziren, asteartean. Txillidak lotura estua izan zuen Legazpirekin.
Aurten betetzen den Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, ekitaldi sorta antolatu dute, eta Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak bat egin dute ospakizunarekin. Asteartean aurkeztu zuten urteurren hori ospatzeko prestatutako egitaraua, Donostiako Miramar jauregian egin zuten ekitaldi batean, eta bertan izan ziren Eric Galvez alkatea eta Agurtzane Elustondo Lenbur Fundazioko kudeatzailea.
Izan ere, artistak lotura zuzena izan zuen Legazpirekin bere garaian, eta besteak beste Patrizio Etxeberriaren lantegian forjatu zuen Haizearen orrazia eskultura. Gainera, Lenbur Fundazioaren sorreran ere parte hartu zuen eta bere lehen lehendakaria izan zen. Lenburrek oraindik mantentzen du Txillida familiarekin harremana, eta eskulturagilearen seme Luis da orain bere lehendakaria. Gainera, Txillidatarrek utzitako hainbat materialari esker, artistari eskainitako Txillida Lantokia museoa dago Legazpin 2010etik.