Movember biboteak Legazpira iritsi dira ofizialki
Gizonezkoek bibotea uzten dute azaroan zehar hainbat gaixotasun ikusarazteko. Legazpiarrek Movemberlegazpi taldea sortu dute, eta ekintzak antolatu dituzte datozen egunetarako.
Legazpi bibotez bete da azaroan. Prostatako eta barrabiletako minbiziak eta gizonezkoen beste gaixotasun batzuk bistaratzeko, eta horien ikerketarako dirua biltzeko helburua duen Movember kanpaina ofizialki iritsi da herrira aurten.
Azken urteetan mugimendu horren ikur bihurtu den bibotea uzten zuten herriko gizonezkoetako batzuk Movemberlegazpi taldea sortu dute, Goierriko beste talde batzuen laguntzarekin, eta gaixotasun horien alde sentsibilizatzeko eta dirua lortzeko ekintzak prestatu dituzte datozen egunetarako.
Ekintzak eta kontaktua
Movemberlegazpi taldearen ekintzak ez daude erabat zehaztuta, baina egitarau luzea prestatu dute taldearen debuterako, beti gizonezkoen gaixotasunen inguruan sentsibilizatzeko. Bereziki, prostatako eta barrabiletako minbizia, buruko osasuna eta suizidioa dituzte jomugan.
Hasteko, taldeak txapa edo intsignia batzuk egin ditu, eta laster jarriko ditu salgai. Itsulapiko batzuk ere banatuko dituzte taberna batzuetan dirua jasotzeko, eta gaur osteguna, bibote poteoa egiteko asmoa dute. Hitzaldi bat ere asmoen artean dute, photocall ekintza bat ere bai, baita kontzertu txiki bat ere. Oraindik ez dituzte zehaztu datak.
Movemberlegazpi talde irekia da, eta harremanetarako helbide elektroniko hau du: movemberlegazpi@gmail.com. Gainera, Instagram, Facebook eta X sare sozialetan izen berarekin sortutako kontuetan jarraitu daiteke taldearen jarduera, baita taldekideekin harremanetan jarri ere.
2003an Australian sortua
Movember hitza ingelesezko moustache edo (bibotea) eta november edo azaroa hitzak elkartzetik sortutako terminoa da, eta 2003an Australian sortu zen. Orduan ospatu zen lehen aldiz Movember hilabetea, Melbourneko 30 gizon gaztek prostatako minbizia zuen lagun bati elkartasuna adierazteko bibotea utzi zutenean. Movember Fundazioa sortu zuten, eta 2004tik dirua biltzen hasi ziren, Australian prostatako minbiziaren aurkako borrokan laguntzeko. Mugimendua zabaltzen joan zen, eta 2007an Espainiara, Kanadara, Estatu Batuetara eta Erresuma Batura iritsi zen. Urte hartan 21.5 milioi dolar australiar bildu ziren ikerketarako.
Movember mugimendua aurreko hamarkadan iritsi zen Goierrira, eta gaur egun nahiko sustraituta dago, Moherri taldeari esker batez ere. Goierriko gizon askok uzten dute bibotea hilabete honetan, kanpainarekin bat eginez.