Kafe kapsulak jasotzeko bost edukiontzi jarri dituzte Legazpin, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen bezperan
Plastikozko eta aluminiozko ontzientzat dira. Material hori birziklatu eta edukiontziak edo hiri altzariak egiteko erabiliko da gero. Azaroaren 18tik 26ra Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela baliatuz, hitzaldi bat egingo dute gai horren inguruan datorren ostegunean.
Kafe kapsulak biltzeko bost edukiontzi jarri dituzte Legazpin, olio eta erabilitako arropa zaharra jasotzeko edukiontzien ondoan: Aizkorri 26an, Irene Paredes kirol gunearen ondoan; San Ignazio 26an; Santikutz 12an, ikastolaren aurrean; Plazaola 9an, Azokaren atzealdean; eta San Juan 2an, bidegurutzearen ondoan.
Aluminiozko eta plastikozko kapsulak bota daitezke edukiontzietara, baina solte. Kapsuletako kafe hondarra ongarria egiteko erabiliko da gero, eta plastikoa eta aluminioa, edukiontziak edo hiri altzariak egiteko.
Kafe kapsulentzako edukiontziak Sasieta Mankomunitea osatzen duten 22 udalerrietan jarri dituzte, hondakin horiek geroz eta ugariagoak direlako. Izan ere, kafea da munduan gehien kontsumitzen den produktuetako bat, eta azkenaldian ohikoa da kapsuletan kontsumitzea.
Hondakinei buruzko hitzaldia
Legazpin, bestalde, hondakinen inguruko hitzaldia egingo dute datorren ostegunean, hilak 23, azaroaren 18tik 26ra Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela baliatuz. Legazpiko Udalak antolatu du, Sasieta Mankomunitatearekin elkarlanean, eta Murriztu, berrerabili eta birziklatu izenburua du. Kultur Etxean egingo dute, 18:30ean.
Hitzaldia Garapen Iraunkorreko zinegotzi Oscar Valbuenak aurkeztuko du, eta hizlaria Eli Perez izango da, Sasieta Mankomunitateko teknikaria.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, hitzaldiaren helburua “hondakinen kudeaketaren erronka berriei heltzea da, hondakinak sortzearen eta berrerabiltzearen ikuspegitik, baita Legazpin ezarrita dugun gaikako bilketa sistemari buruzko zalantzak argitzea ere”.