Legazpiko Ostegun Gorria hasi da
Ilinti merkatari elkarteak antolatutako kanpaina da. Black Friday deskontuei aurre egiteko helburua du. 500 euro banatuko ditu saritan.
Ostegun Gorria izena hartuta, Legazpiko Ilinti merkatari elkarteak planto egingo dio bigarren urtez Black Friday deskontu kanpainari. Gaur hasi eta aste betez, kanpaina propioa izango dute indarrean herriko dendariek, eta 500 euro banatuko dituzte bezeroen artean, 100 euroko bost saritan banatuta. Herrian bertan erostea bultzatu nahi dute horrela.
Black friday mugimenduak komertzio txikiak kaltetu egiten dituela argi du Ilintik, “ezinezkoa delako denda handietako deskontu mailarekin lehiatu”. Horregatik, kanpaina bat diseinatu du herriko merkataritzan kontsumitzeagatik herritarrak saritzeko, “eta, horrela, tokiko merkataritzak egindakoari balioa ematen laguntzeko”.
Ostegun Gorriarekin, sariak
Legazpiko Ostegun Gorriak sariak izango ditu, eta Ilintik 500 euro banatuko ditu zozketa bidez, 100 euroko bost txarteletan banatuta.
Kanpainako zozketan parte hartzeko, argazkia edo selfy-a atera behar da herriko saltokiren bateko “konfiantzazko merkatariarekin”. Argazki hori Instagram edo Facebook sare sozialetara igo beharko du bezeroak, #ostegungorriailinti2023 traola erabiliz, eta “tokiko merkataritzan erosketak egitean zer sentitzen duen hitz, esaldi edo keinu batekin deskribatuz”. Bezeroak sare sozialik ez badu, dendariak bere negozioarena erabiliko du. Gaur hasi eta hilaren 23ra arteko epea dago horretarako.
Argazkiak igotzen dituzten guztien artean, zozketa egingo du Ilintik hurrengo asteko ostiralean, hilak 24, eta 100 euroko bost erosketa txartel banatuko ditu.