Itsasoa gara! memoria ibilaldia antolatu du Legazpiko Sortuk hilaren 26rako
Ormakio eta Elortxuri mendietara joango dira, 1936ko gerra eta "2002ko udazkeneko zenbait gertakari lazgarri" gogoratzeko. Brinkolan bazkaria izango da amaieran.
Legazpiko Sortu alderdi politikoak Itsasoa gara! memoria ibilaldia antolatu du datorren asteko iganderako, hilak 26, Ormakio eta Elortxuriraino, eta abertzale guztiak gonbidatu ditu parte hartzera. Irteera 08:15ean hasiko da, Legazpiko tren geltokitik, eta handik trenez Brinkolaraino joan, eta 12 kilometroko ibilaldia egingo dute gero, bi mendi horietan zehar.
Itsasoa gara! ibilaldiaren bidez, “Legazpin gertatutakoak zapalduon ikuspuntutik” aztertuko dituzte. Ormakion egingo dute lehen geldialdia, eta bertan, “1936ko guda frontea ezagutuko dugu”. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, “urte hartan, miliziano errepublikanoek Legazpiren lehen defentsa Ormakion prestatu zuten, eta Zegamatik zetozen frankista nazionalekin ere han izan zituzten lehen borrokak”. Hala, historialari legazpiar baten eskutik, “sasoi hartako nazio zapalkuntza, genero zapalkuntza eta klase zapalkuntza” aletuko dituzte.
Ibilaldiaren hurrengo geldialdia Elortxuri edo Elortxikiko gainean izango da, eta han “2002ko udazkeneko zenbait gertakari lazgarri gogoratuko ditugu, ikurrinari omenaldia egingo diogu, falta direnak gogoratuz, eta zenbait kanta abestuko ditugu”. Elortxuriko aterpean, gainera, ekitaldi politikoa egingo dute.
Bidean zehar, Sortuko idazkaritza politikoko ordezkari bat “estrategia askatzailea une honetan zertan den” azaltzen joango da.
Itsasoa gara! ibilaldia Brinkolan amaituko da, auzoan lagunarteko bazkari bat eginda. Bazkarira joan nahi dutenek izena eman behar dute 611 040 487 telefono zenbakira whatsapp mezu bat bidalita. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa da, eta 11 eurokoa ikasleentzat eta langabetuentzat.