Legazpiko gaztetxoak izotzetan patinatzera joango dira Sorgintxulorekin
Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleei zuzendutako irteera da, eta hilaren 25ean, larunbata, egingo da. Izenak emateko epea aurreko asteazkenean amaituko da.
Aurten Lehen Hezkuntzako bosgarren maila ikasten ari diren Legazpiko gaztetxoek izotzetan patinatzeko aukera izango dute hurrengo asteko larunbatean, hilak 25, Sorgintxulo taldeari esker. Ohi bezala, Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregira joango dira.
Izena emateko epea hurrengo asteazkenean, hilak 22, amaituko da, 14:00etan. Ikastetxeetan edo udaleko www.legazpi.eus webgunean eman behar da izena. Prezioa 8 euro da, eta autobusean ordaindu beharko da.
Irteera 15:45ean izango da, Saturnino Telleriako biribilguneko autobus geralekutik, eta itzulera 20:00etatik 20:30era bitartean. Haurrek aldatzeko arropa eta merienda eramateko eskatu dute.
Sorgintxulo taldeak burutuko duen ekintza hau Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan kokatzen da. Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek antolatutako programa da.