Irene Paredesi omenaldia egingo diote legazpiarrek abenduaren 30ean
Bere izena daraman futbol zelaian egingo da. Legazpiko kirolariaren ibilbidea eta lorpenak aitortzeaz gain, etorkizuneko belaunaldientzako erreferente bihurtu izana eta herriaren izena harrotasunez zabaldu izana eskertuko diote.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 30ean egingo diote omenaldia Irene Paredes futbolariari. Omenaldiaren helburua legazpiar honek kirol arloan egin duen ibilbidea eta lorpenak aitortzea da. “Legazpin jaiotako futbolariak aztarna ezabaezina utzi du futbolaren munduan, eta bere dedikazioagatik, talentuagatik eta kirolari egindako ekarpenengatik nabarmendu da”.
Omenaldi ekitaldia bere izena duen futbol zelaian egingo da abenduaren 30eko goizean, eta “arreta eta maitasun handiz antolatzen ari da, bai eta diskrezio handiz ere, benetako ezustekoa izan dadin”.
Udalak legazpiar guztiak gonbidatu ditu ospakizun horrekin bat egitera. Bertan, Irene Paredesek futbolean izandako arrakastak gogoratzeaz eta goraipatzeaz gain, “etorkizuneko belaunaldientzat erreferente eta eredu gisa izan duen eta duen eragina aitortzea” nahi da. Gainera, “Legazpi izena nazio arteko kirol agertokira harrotasunez eraman duen kirolariari eskerrak emateko egun ahaztezina izango da”.