Mendi Astearen edizio berri bat, Legazpiko Gazte Asanbladak antolatuta
Idoia Rubial eta Maite Zumarraga, Joseba Iztueta, Alex Areizaga eta Lorenzo Rojo ‘Lotxo’ izango dira aurtengo protagonistak. Lau saioak Gaztetxean izango dira, astelehenean, asteartean, asteazkenean eta ostiralean, hurrenez hurren.
Legazpiko Gaztetxeko Mendizaleek antolatuta, Mendi Astea egingo da Gaztetxean azaroaren 27tik abenduaren 1era. Lau proiekzioren bitartez, Euskal Herriko, Espainiako, Europako. Estatu Batuetako eta Asiako mendiak ezagutzeko aukera emango dute antolatzaileek. Emanaldi guztiak Gaztetxean izango dira.
Idoia Rubialen eta Maite Zumarragaren Egun on Capitan lanak irekiko du Mendi Astea astelehenean 19:30ean. Estatu Batuetako Yosemite bailarako Capitan paretan hiru hilabetez eskalatzen egondakoan hartutako irudiak dira lanaren muina.
Bigarren hitzordua Joseba Iztutaren Zanskar, aztarna berrien bila lanarekin izango da, asteartean 19:30ean. Indiako Himalaian dago Zanskar bailara, mendi pikoez inguratua. Eskalatzeko irekitako harkaitz bide berrien eta lehen aldiz zapaldutako gailurrez hitz egiten da lanean.
Hirugarren lana Alex Areizagaren Itzalak da eta asteazkenean emango du zumarragarrak, 19:30ean. Lan horretan, mendira eramaten diren motxiletan sartzen diren beldurretan, desiretan, malkoetan edota hutsuneetan sakontzen du egileak.
Mendi Astea ixteko,-k Euskal Herrirantz bizikletaz (Asian eta Kaukasian barrena). 2013-2018 lana aurkeztuko du ostiralean, abenduak 1, 18:30ean. 1997ko ekainetik 2018ra arte bizikleta gainean munduan zehar egindako bidaiaren azken bost urteen laburpena da.
Antolatzaileen eskertza
Gaztetxeko Mendizaleek eskerrak eman nahi dizkie Mendi Aste hau antolatzeko orduan Legazpiko Gazte Asanbladaren eta Gaztetxearen aldetik jaso duten laguntzagatik. Txo!Esna Legazpiko Txozna Batzordeak egindako diru ekarpena ere eskertu nahi dute.