Zaintzarena, guztien greba
Goierri garaiko eragileek azaroaren 30eko grebarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei. Mobilizazio ugari egingo dira Goierrin: Bi manifestazio deitu dira, esaterako
Urretxu-Zumarragako hainbat eragile sozial, kultural eta sindikatuetako kide azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrari babesa emateko elkartu dira astelehen arratsaldean Urretxun, eta «Guztiok gaude deituta grebara. Greba Feminista Orokorrean lantokiak hustu eta kaleak hartu behar ditugu» esanez, herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Baina deialdi hori «harago» doala zehaztu dute. «Greba hau prozesu baten mugarria da. Mugimendu feministak bultzatutakoa, beste eragile sozial eta sindikalekin batera. Zaintza guztion ardura da, zaintza lanak aitortu eta banatu egin behar dira, eta gizonek erantzukizun handiagoa izan behar dute». Greba Feminista Orokorra deitzea bera ere, «iraultzailea» dela esan dute, «Emakumeok planto egiten, errebelatzen ari gara, eta gizonek dagokien ardura hartzeko, interpelatzeko modua ere bada».
«Ofentsibara eginiko greba» dela ere azaldu dute, zaintzak kolektibizatzearen eta zaintza sistema publikoaren aldekoa, hain zuzen, eta «guztioi berdin eragiten ez badigu ere, guztion onurarako» dena.
Zaintza lanak kolektibizatu eta berrantolatu egin behar direla ere adierazi dute, eta «zaintza krisiaren urgentziazko arazoei» erantzun egin behar zaiela. Ildo horretan, zaintza langileen esplotazio eta prekarizazioari erantzutea lehentasunezkoa dela azpimarratu dute.
Azkenik, greba egin ezingo duten «etxeko langileak, zerbitzu minimoetan lanean daudenak, egoera prekarioagatik grebara joan ezin diren emakumeak, egoera administratibo irregularrean daudenak…» gogoratu dituzte.
Goierrin mobilizazio ugari
Greba egunean mobilizazio ugari izango dira Goierrin. Pikete ibiltariak egingo dituzte, tartean, bi manifestazioa. Urretxu-Zumarragako Emakumeen plazatik abiatuko da bat eta, bestea, Ordiziako Barrena parkean izango da. Beasaindik, Ordiziatik eta Lazkaotik manifestazioan abiatuko dira 19:00etan; hiru adarrak Malkaskon elkartuko dira eta Barrenaraino elkarrekin joango dira.