Domingo Agirre eskolak ere bat egin du Azaroaren 25eko aldarrikapenekin
Egutegi berezi bat prestatu dute, indarkeria matxistaren ondorioz hil diren emakumeen izenak eta beste hainbat datu jasoz, eta ikusgai izan dute patioan. Lehen Hezkuntzako ikasleek eta irakasleek parte hartu dute jarduera horretan.
Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoko ikas komunitateak bat egin aurten ere Azaroaren 25eko aldarrikapenekin, eta hainbat jarduera burutu ditu emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egun horren inguruan. Jarduera horietan Lehen Hezkuntzako ikasleek eta irakasleek hartu dute parte.
Eskolak emakumeen aurkako indarkeriak eragiten dituen biktimengan erreparatu nahi izan du aurten, errealitate hori azaleratuz eta ikusaraziz. Horretarako, egutegi berezi bat egin dute, eta hilabete bakoitzean, indarkeria matxistaren ondorioz hil dituzten emakumeen hainbat datu jaso dituzte: emakume horien izena, adina, herria eta hilketaren data. Egutegia frontoiko kristaleran izan dute ikusgai. Horrez gain, ikasleek Sastrakako Emakumeak taldearen Aurre egingo dizueten emakumeak kanta ikasi eta landu dute.