Legazpiko musikariek Santa Zezilia oroitu dute aurten ere
Urteroko kontzertua egin zuten larunbat iluntzean Goiz Deia txistulari bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi musika bandak. Urbeltz pilotalekua goraino bete zuten.
Legazpiko musika ekitaldirik kuttunena den Santa Zezilia kontzertuak publikoz bete zuen bigarren urtez Urbeltz pilotalekua larunbat iluntzean, Goiz Deia txistulari bandak, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak eta Legazpi musika bandak deituta. Ia bi orduko iraupena izan zuen emanaldi bikaina eskaini zuten herriko lau musika talde nagusiek.
Omenaldietarako tartea ere izan zuen kontzertuak, eta parte hartu zuten bi taldek aitortzak egin zizkieten bi taldekideri. Errondailak, taldean 50 urte daramatzan Eva Ripa Larreina omendu zuen, eta musika bandak, bertan klarinetea jotzen 25 urte egin dituen Joseba Iraeta Urtzelai.