'Aztarnetan', Legazpiko historiaren zertzelada batzuk musikaz lagunduta
Xegun Altolagirrek idatzi du gidoia Edurne Zabalok, Gorka Hermosak eta Blanchard soka taldeak joko dute, Gonbidatu berezi bat ere izango da: Marta Zabaleta
Aztarnetan ikuskizunak itxiko du igandean aurtengo Azaroan Musika zikloa. Latxartegi aretoan izango da, 19:00etan, eta Xegun Altolagirrek idatzitako gidoian oinarrituta, Edurne Zabalok, Gorka Hermosak eta Blanchard soka taldeak kontzertua egingo dute, Legazpiko historiaren zertzelada batzuk musikaren bidez plazaratuz. Ikuskizunean gonbidatu berezi batek ere parte hartuko du, Marta Zabaleta piano jotzaileak.
Latxartegi aretoan eskainiko dute Aztarnetan, 19:00etan. Sarrerak 5 euro balio du, eta dagoeneko salgai daude Kultur Etxeko harreran.
Legazpiko aztarnak
Legazpi eta Legazpiren historia dira Aztarnetan ikuskizunaren protagonistak, «baina ez da historia lineal bat, aztarnak baizik», azaldu du Altolagirre gidoigileak. «Aztarna klase diferenteak daude, aztarnak izan daitezke atzokoa aztertzeko edo ikertzeko baliio dutena; guk etorkizunerako utziko duguna ere aztarna izan daiteke; eta aztarnak dira, baita ere, Legazpik historian zehar izan dituen hainbat une, legazpiarron izaeran eragina izan dutenak». Azken horiek, Legazpiren historiako aztarnak dira Aztarnetan lanaren muina: «Zer zen Legazpi garai batean burdina eta burdinolak, baserritarrak, sineskeriak, gerrak, Urola ibaia, Txillida…».
Aztarna horien arteko lokarria musika izango da, hitzarekin uztartuta. «Legazpi herriari aztarna utzi dioten uneen kontakizuna egingo dugu horrela».
Goi mailako musikariak
Elkarrekin behin baino gehiagotan jo duten Edurne Zabalo Legazpiko klarinete jotzailea eta Gorka Hermosa Urretxuko akordeoilaria, eta Blanchard soka taldea izango dira musikaren ataleko arduradunak. Horiekin batera, pianoa joko du Marta Zabaleta legazpiarrak, gonbidatu berezi gisa.
«Izen handiko musikariak dira guztiak», azaldu du Altolagirrek, eta Aztarnetan «kariño handiarekin egindako lana da». Osagai guztiak elkartuta, «ikuskizun polita» izango dela agindu du gidoliari legazpiarrak.
Entsegu asko egin dituzte dagoeneko, eta azken saioa larunbatean egingo dute. Emaitza, igande arratsaldean izango da ikusgai, 19:00etatik aurrera, Latxartegin. Sarrerak azkar agortuko direla ohartarazi dute Kultur Etxeko arduradunek.
Aztarnetan ikuskizunarekin, amaitu egingo da Legazpin hilabete osoa musika ekitaldiz bete duen Azaron Musika zikloa, udaleko kultura sailak antolatutakoa.