Porrotx eta Mari Motots Legazpin izan dira gaur herriko txikienekin
Pailazoek bere azken lana aurkeztu die bi ikastetxeetako ikasleei. Ez gara jaitsiko" du izenburua lanak.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Porrotx, Mari Motots eta lagunak Legazpin izan dira aurten ere, pailazo taldearen azken ikuskizuna herriko haur txikienei aurkezteko. Ez gara jaitsiko! da azken lan horren izenburua, eta «Euskal Herrian zuhaitzez beteriko Amazonia txikiak» sortzeko helburua du.
Gaur bi emanaldi egin dituzte pailazoek Latxartegi aretoan, bi ikastetxeetako 560 ikusletik gora elkartuz. Goizean, Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak eta Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko ikasleak izan dira, eta arratsaldean, LHko 2, 3, eta 4. mailako ikasleak, talde bakoitza bere irakasleez lagunduta.
Saioen amaieran, Porrotxek, Mari Mototsek eta lagunek zuhaitz landare bat oparitu diote Legazpi herriari, pago bat.
Ez gara jaitsiko! pailazoek Legazpin ikasleen aurrean eskaintzen duten 23. ikuskizuna da. Gazteria eta Hezkuntza sailak gonbidatuta etortzen dira urtero garai honetan.