Mobilizazioz beteriko goiza Legazpin
Grebalariek bira bat egin dute herriko zaintza guneetatik, zaintzaileei opariak banatuz. Plazan amaitu dute ibilaldia, elkarretaratze batekin. Bazkaltzeko elkartu dira gero Gizarte Zentroan, eta arratsaldean Urretxu-Zumarragako manifestaziora joango dira.
Goizean goiz hasi dira zaintzaren inguruan antolatutako greba feministako mobilizazioak Legazpin, Alcampotik abiatuta egin duten pikete ibiltariarekin. Herrian bertan izan dute gero jarraipena protesta ekintzek, eta 10:30ean Laubidetik abiatu dira grebalariak. zaintza guneetatik zehar bira bat egiteko.
Lehen geldialdia Atzegiren etxebizitza, Meazti babespeko etxebizitza eta Santikutz Egoitza elkartzen diren gunean egin dute, Santikutz kalean, eta Zaintzaren kalea izendatu dute sinbolikoki kale hori. Bertan, Ane Belokik bertso bat bota du, Txoria txori abesti dute ondoren eta hiru zentro horietan lanean ari ziren zaintzaileei opari sinboliko bat eman ondoren, aurrera jarraitu dute ibilaldiarekin. Hurrengo geldialdiak Eguneko Zentroan, Osasun Zentroan eta Garagunean egin dituzte, eta toki horietan ere aldarrikapen testuak irakurri eta opariak utzi dituzte. Meazti eta etxez etxeko zaintza zerbitzua kudeatzen dituen Aralia enpresak Plazaola kalean duen lokalean ere gelditu dira.
Zaintzaren bira hau plazan amaitu dute grebalariek, bertan elkarretaratzea egiteko deia eginda zutelako. Aldarrikapen pankartez inguratuta, eta bertsoen ondoren, testu bat irakurri dute gaurko Legazpiko mobilizazio hauek elkarlanean antolatu dituzten elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariek, zaintzaren inguruan herritarrek helarazi dizkieten kezkak eta aldarriak plazaratuz.
Goizeko mobilizazioak amaitzeko, bazkaltzeko elkartu dira Gizarte Zentroan, eta arratsaldean Urretxu-Zumarragara joango dira, han Emakumeen plazatik 18:30ean aterako den manifestazioan parte hartzera.