Hamar proba izango ditu 2024ko Goierri Kopa Trailek
Legazpin egingo dute Korosti Trail proba berria, urriaren 13an, eta proba horrekiko begirunez, Legazpin bertan aurkeztu dute lasterketen egutegia. Garinen hasiko dira urtarrilean, eta Legazpin amaitu, urrian.
Goierri Kopa Trailek hamar hitzordu izango ditu 2024an, Legazpin urriaren 13an estreinatuko duten Korosti Trail gehituta. Asteazken arratsaldean aurkeztu zuten egutegia kopa osatzen duten proba batzuetako antolatzaileek, Legazpin bertan, lasterketa berriarekiko begirunez. Migel Angel Uribesalgo, Esti Oiarbide, Andoni Etxaleku eta Odilo Rivera arduratu ziren aurkezpenaz.
Korosti Trail izango da, hain zuzen, Koparen egutegiko azken proba, eta bertan banatuko dituzten sariak, trail edo distantzia luzekoak zein sprint edo distantziako motzekoak. Trail distantziak 20 eta 25 kilometro bitartekoak dira, eta sprint distantziakoak, 10 eta 17 kilometro bitartekoak. Trail distantzian zortzi lasterketa egongo dira eta sprint distantzian bederatzi. Txindokiko kilometro bertikala salbuespena da distantziari eta puntuazioari dagokionez, eta bi sailkapenetarako izango da puntuagarria.
Proba batzuetan distantzia motzagoak ere izango dira, sei-zortzi kilometroak gazteentzat, eta 100-200 metrokoak txikienentzat.
Urtero bezala, lasterketa guztietarako izen-emateak kronoak.com webgunean egin beharko dira.
Goierri Kopa Trail, 2016tik
Goierri Kopa Traila 2016an abiatu zen hau lasterketekin. Ibilbide honetan zehar Goieki Garapen eta Turismo Agentzia, San Martin inprimategia, Ordizia hotela, Txomin Zubeldia Edariak eta Sasoian Kirol Zentroa izan dira laguntzaile nagusiak.
GOIERRI KOPA TRAIL. 2024 EGUTEGIA
- Garin (Beasain). Urtarrilak 21. Proba bakarra izango da: 11 kilometro.
- Ordizia. Otsailak 4. Luzea: 21 km eta motza:14 km.
- UZ Trail (Urretxu-Zumarraga). Martxoak 3. 22 km eta 11 km.
- Arriaran (Beasain). Martxoak 16. 23 km eta 11 km.
- Leharrei (Gabiria). Apirilak 20 24 km eta 15 km.
- Sanson (Segura-Zerain). Maiatzak 11. 25 km eta 15 km.
- Txindoki Kilometro Bertikala. Maiatzak 18. 4,1 km
- Zaldibia. Maiatzak 25. 27 km eta 13 km.
- Axari Trail (Idiazabal). Irailak 8. 25 km eta 15,5 km.
- Korosti Trail (Legazpi). Urriak 13. 23 km eta 14 km.