Goierriko energia bulegoa martxan jarri du Goiekik
Herritarrei nahiz udaletako langileei energiaren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko izango da. Aurrez aurre, emailez edo telefonoz egin daitezke kontsultak.
Goieki Goierriko garapen agentziak eskualdeko energia bulegoa jarri du martxan, Goierriko 18 udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun departamentuarekin elkarlanean, goierritarrei zuzeneko eta doako arreta eskaintzeko helburuarekin. Duela bi urte Goierriko Energia Plana eguneratu zutenean behar hori sumatu zuten, herritarrek ez zutelako erreferentziazko punturik energia gaietarako. Dagoeneko egin daitezke kontsultak.
Goieki helarazitako prentsa oharrean azaldu duenez, 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako aurrekontu parte-hartzaileetan, herritarrek energia gaien inguruan zuten kezka plazaratu zuten. “Goierritarrek argi adierazi zuten energiaren planifikazio eta kudeaketa publiko baten beharra”. Horri tiraka, 2017an Goierriko Energia Plana garatu zuten, 2018-2025 ekinaldirako. Diagnostikoa egin eta lerro estrategikoak zehatu zituzten.
2021ean plana berrikusi zuten, eta azterketan ondorioztatu zuten energia bulegoa irekitzeko beharra zegoela. Herritarrei nahiz udaletako langileei energiaren inguruko zalantzak argitzen laguntzeko izango da. “Energiaren sektoreak bizi duen egoera kontuan izanda, aholkularitza edota laguntza hori jaso ahal izateko puntu bat izatea gero eta garrantzitsuagoa izango da, eta zer esanik ez pobrezia energetikoan bizi diren ikuspegitik. Hori horrela, administrazio publikoak zeregin eta aukera garrantzitsua du herritarrei nahiz udal langileei laguntza eta aholkularitza eskaintzeko”, adierazi du garapen agentziak.
Aurrez aurre, emailez edo telefonoz egin daitezke kontsultak. Beharren arabera funtzionatuko dute, baina energia bulegoan landuko diren gai nagusiak hauek izango dira: argindar eta gas fakturak ulertu, aztertu eta optimizatzea; tramiteen kudeaketan laguntza; bono sozialaren eta diru laguntzen inguruko informazioa; eta energia aurrezteko aholkuak.
Non eta noiz
-Aurrez aurreko zerbitzua:
- Astelehenetan Lazkaoko udaletxean eta asteazkenetan Beasaingo Martina Maiz kaleko 3. zenbakian, 10:00etatik 14:00etara.
- Ostiraletan Ordiziako udaletxean, arreta bulegoan, 9:00etatik 13:00etara.
- Astelehenetik ostegunera, Goiekiko NBF eraikinean, 15:00etatik 17:30era.
-Telematikoki: energia.goieki@goierri.eus helbide elektronikoan edo 843 739 988 mugikor zenbakian.
Kontsulta guztietarako aurrez hitzordua egin behar da, telefonora deituta edo emailera idatzita.