Gorka Izagirrek Urdiaingo ziklo-krosa irabazi du
Aitor Hernandez bizkaitarra sailkatu da bigarren, eta Diego Ruiz de Arkaute arabarra hirugarren. Denboraldiko lehen garaipena du ormaiztegiarrak.
Gorka Izagirre ormaiztegiarrak irabazi du Urdiaingo ziko-krosa, Nafarroako Sakanan. Ormaiztegiko txirrindulariak 01:07:15eko denbora osatu du. Aitor Hernandez bigarren sailkatuari 45 segundoko aldea atera dio, eta bi minutu eta hogei segundoko aldea hirugarren sailkatu den Diego Ruiz de Arkauteri.
Txirrindulariak Youtubeko kanalari egin dizkion adierazpenetan, Izagirrek esan du “ondo joan” dela goiza. “Egun polita irten da eta zirkuitua ere polita, eta egia esan lehen aldiz zen hemen irteten nintzela, eta gustura, ongi, eta sentsazio onekin”.
Ziklo-krosa gustatzen zaion diziplina bat dela aipatu du. “Gustura egiten dudan zerbait da. Kostatzen da, eh, ez pentsa, baina hemen bertan izanda gustura hartzen dira halako probak”.
Proba zehar “ongi” sentitu da, eta karreraz karrera “hobetzen joatea” espero du.