Antzinako Legazpi, kolorez beteriko egutegian
Ignacio Agirre Montegiren argazkiekin osatu du Legazpiko Udalak 2024ko udal egutegia. Gorka Gomezek kolorea eman die irudi zaharrei. Hurrengo urtean ere lehiaketa izango da hilero.
Legazpiko Udalaren 2024ko egutegia berezia izango da, eta aitzakia horrekin aurkezpena egin zuten atzo udaletxean Ondo ezagutzen duzu Legazpi? izeneko argitalpenaren arduradunek. Aurreko mendearen hasieran Legazpin bertan ateratako hamabi argazkien bidez, herriaren historiaren zertzelada batzuk ezagutzeko aukera izango da oraingoan.
Burdinola elkarteak utzitako argazkiak erabili ditu udalak egutegi berrirako, Ignacio Agirre Montegik 1900 eta 1910 bitartean ateratakoak, eta Gorka Gomez argazkilariak adimen artifiziala erabiliz kolorea eman die. Udal Euskaltegia testuen eta euskararen alorretaz arduratu da, eta azken urteetan bezala, hilero 50 euroko saria emango duen jokoaz ere bai.
Miryam Galilea zinegotziak, Burdinola elkarteko Jose Luis Ugartek, Gorka Gomez argazkilariak eta Udal Euskaltegiko Gurutze Arrietak aurkeztu zuten lana. Gaur hasiko dira egutegia herriko etxe guztietan banatzen.
Agirre Montegiren argazkiak
Jose Luis Ugarte arduratu zen argazkien egilea nor zen azaltzeaz. Ignazio Agirre Montegi (1861-1942) sortzez madrildarra zen, baina gurasoak euskaldunak zituen, aita Brinkolako Igeralde Garakoa baserrikoa, eta ama donostiarra. Ignaziok oinordetzan jaso zuen Legazpiko plazako etxea, gaurko posta bulegoa dagoen lekuan zegoena, eta Legazpira askotan etortzen zen, aldi luze batez ere bertan bizi izan zen, bere arreba Carmen Madrilen hil eta gero. “Legazpirekin lotura handia zuen”, azaldu zuen Ugartek.
Agirre Montegi 1942an hil eta gero, bere ondorengoen eskuetan jarraitu zuen plazako etxeak, saldu eta bota zuten arte. “Baina etxea bota aurretik, bertan sartzeko aukera izan genuen, nahiz eta ordurako nahiko espoliatuta zegoen, eta han zeuden gauzen artean, argazki xafla batzuk aurkitu genituen, kaxa batean gordeta, 447 argazki xafla, argazki estereoskopikoak, hau da, argazki bikoitzak, aparailu berezi batez ikusten direnak, hiru dimentsiotan”. Altxor hura errekuperatzeko modua izan zutela esan zuen Ugartek, eta handik gutxira, argazki gehiago ere eskuratu zituen, “Legazpiko etxe partikular batean gordeta zeuden 37 argazki gehiago, kaxatxo batean jasota, ikusteko aparatu eta guzti”. Burdinolako kide den Gorka Salmeronek ere lortu zituen ondoren Agirre Montegiren lan gehiago, beste tamaina batekoak. “Azkenerako, ondaretxo bat bildu genuen, ondare garrantzitsua”.
Agirre Montegiren argazki haietan Legazpiko 69-bat irudi daude, baita Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Alemaniakoak, Frantziakoak, Italiakoak eta Marokokoak ere. Gehienak 1900 eta 1910 bitartekoak dira, “oso zaharrak dira, argazkilariak 40-50 urte zituenean ateratakoak”.
Burdinolaren egutegia
Berreskuratutako argazki guztiak Burdinolaren eskuetan utzi zituzten 2000. hamarkadan. Elkarteak bere gain hartu zuen ondare guztiaren digitalizazioa, ikerketa eta zabalkundea, eta “hori guztia egiteko Gorka Salmeron Murgiondo prestatu zen”. Hala, 2005ean egutegi bat kaleratu zuten hainbat argazkirekin, “baina tamalez ez zuen batere luzitu, eta egutegi berri honetan orduko dozena erdi bat argazki errepikatzen dira, eta oraingoan bai, luzituko dute”. Agirre Montegiren argazkien inguruan egin zituzten jarduera gehiago ere: 2005ean bertan kongresu batean argazkilari horren lanaren inguruko komunikazio bat aurkeztu zuen Salmeronek, eta erakusketa bat egin zuten Zarauzko PhotoMuseumen, eta hurrengo urtean Legazpiko Kultur Etxean. Aurretik, Esteban Altzelai Guridik Ignazio Agirre Montegiren biografia idatzi eta argitaratu zuen Brinkola gogoan liburuan.
Duela bi urte argazkilariaren ondarea aberastu zuten, Gorka Salmeronek 31 xafla gehiago eskuratu eta gero. Eta ondare horren zabalkunderako aukera paregabea iritsi zaie orain, udalaren egutegiarekin. Aurten Gorka Gomezen proposamena iritsi zitzaien, beste proiektu batekin. “Argazki zahar batzuk koloreztatzeko asmoa zuen”, eta oso aproposa iruditu zitzaien Burdinolakoei bi egitasmoak bateratzea, hau da, Agirre Montegiren ondarea ezagutzera ematea eta argazki zaharrak koloreztatzea. Hurrengo urratsa udalarekin harremanetan jartzea izan zen, proiektu bateratu horri egutegiarekin irteera emateko. “Begi onez ikusi zuten, eta aurrera egin dugu. Lan asko egin dugu, ilusio handiarekin, eta hemen dago emaitza”.
Argazki zaharrei kolorea ematen
Gorka Gomez argazkilari legazpiarra arduratu da Burdinolaren materialari egutegirako forma emateaz. Hamabi argazki aukeratu dituzte, hileko bat. Legazpiko parajeak, kaleak, baserriak, jendea… agertzen dira irudi horietan, garai batean herria nolakoa zen ezagutzeko aukera ematen dutenak. Lekuak aldatuta daude, etxe batzuk desagertuta, kaleek beste itxura bat dute… Irudiak oso zaharrak dira, eta “balio historiko handia dute”, Ugarteren esanetan. Jendea ere agertzen da hainbat argazkitan, eta aspaldikoak direnez, oso zaila gertatu zaie identifikatzea. Horregatik eskatu die legazpiarrei baten bat ezagutuz gero, jartzeko harremanetan elkartearekin.
Gomezek argazkiak banan bana konpondu ditu digitalki, “batzuk oso hondatuta zeudelako”. Gero, adimen artifizialaren bidez kolorea eman die, eta “eskuz ere konpondu ditut”. Koloreei buruz, adimen artifizialak irudien interpretazioa egiten duela azaldu zuen Gomezek, eta “ez dakigu argazkietako emakumeen soinekoak eman dieten kolorekoak ziren benetan”. Kolorearen inguruan “denborak ematen duen distantzia apurtu” egiten duela aipatu zuen Gomezek, eta hori “bitxia” iruditzen zaio.
Argazkiak bakarrik ez, egutegiaren beraren diseinua ere asko zaindu dute, eta argazkien koloreekin jokatu dute diseinu horretan.
Hileroko lehiaketa
Azken urteetan egin den bezala, joko edo lehiaketa bat proposatu dute 2024ko egutegian ere, hileko bat. Hala, 12 argazkiekin lotutako galdera bana egin dute, eta erantzunak ere jaso dituzte, loturak egiteko. Erantzun zuzena ematen dutenen artean 50 euroko erosketa txartela zozkatuko dute hilero.
Alberto Iñurritegi, aurtengo egutegiko azaroko irabazlea
Alberto Iñurritegik irabazi du Legazpiko Udalaren aurtengo egutegiko azaroko saria, herrian gastatzeko 50 euroko erosketa txartela. «Eguzkia nora, zapiak hara» zen osatu beharreko esamoldea, eta ‘zapiak’ zen falta zen hitza. Udalak 129 erantzun zuzen jaso ditu eta Iñurritegi suertatu da irabazle zozketan.Orain abenduko lehiaketa martxan dago, eta «Abenduko eguna, argitu orduko i…» esamoldea osatu behar da. Erantzunak www.legazpi.eus webgunean eman behar dira.