Legazpin inoiz egin den magia ikuskizunik handiena hilaren 22an Latxartegin
Euskal Magoen Gala antolatu du Eneko Gutierrez legazpiarrak. Bost magok parte hartuko dute, eta magia mota desberdinak jorratuko dituzte. Sarrerak interneten daude salgai dagoeneko
Eneko Gutierrez mago legazpiarrak Euskal Magoen Gala antolatu du abenduaren 22rako, Legazpiko Udalaren laguntzarekin. Legazpin inoiz egin den magia ikuskizunik handiena izango da, eta magia mota desberdinak lantzen dituzten bost mago euskaldun elkartuko dira Latxartegi aretoan.
Magia gala hau 19:00etan hasiko da, eta adin guztietako publikoarentzako izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko, https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es webgunean, 5 euroan. Aurrerago Kultur Etxean ere jarriko dituzte salgai.
Eneko Gutierrez bera partaideetako bat izango. Aurkezlea izango da, magia komikoa bidelagun duela. Aurretik lan egin du mago gisa Legazpin, maiatzeko Santikutzetan txosnan, Hegialdeko jaietan, Agorreko Santikutzetan eta Kukue tabernan. Baina oraingoa «bestelako ikuskizuna» izango dela aurreratu du, «gala bat». Galak asko gustatzen zaizkiola dio, «ordu eta erdiko saio batean magia mota asko ikusteko aukera izaten delako». Denbora asko darama horrelako ikuskizun bat Legazpira ekartzeko lan egiten, eta azkenean lortu du, «irrikitan nago orain!».
Lau mago gonbidatu ditu
Lau artista gonbidatu ditu Euskal Magoen Gala honetarako. Fernando de Rozas da bat, «baina ez da kartelean agertzen, nirekin egongo delako aurkezle lanak egiten eta beste magoen ikuskizunen arteko hutsunetxo horiek betetzen». Artistak Maria Arandia, Peio Rivas eta Potx dira, eta Eneko Gutierrezek berak osatu du lauko kartela.
Peio Rivas bilbotarra «oso ezaguna» dela dio Gutierrezek, «nazioarteko hainbat txapelketa irabazi ditu, Frantzian, Italian, Portugalen…, Musikaz lagunduta, manipulazioa egingo du, eta kartak agertaraziko ditu leku pila batean…».
Potx magoa oñatiarra da, Potx eta Lotx pailazo bikoteko kidea. Josu Zubia da bere izena, eta «bi alderdiak uztartzen ditu ikuskizunean. Euskal Herrian oso zaila da pailazo bat magia egiten ikustea, eta hau oso aukera polita da horretarako».
Errenteriako Maria Arandiak, azkenik, «Potxek bezala, eszena magia egingo du, baina alderdi poetikotik joango da, ez alderdi komikotik».
Osagai horiek guztiak dituen magia gala hau adin guztietako publikoarentzako dela dio Gutierrezek, «haurrek pila bat gozatuko dute, baina egia da gala hau helduentzako prestatu dudala batez ere… Mariak estilo polita du helduentzat, Potxen umorea ere helduei bideratuta dago, eta Peioren lanak ez du adinik, pasada bat da haurrentzat eta helduentzat».
Hamar urteko ibilbidea
Hiru urte besterik ez daramatza Eneko Gutierrezek magia ikuskizunak egiten, baina duela hamar urte murgildu zen mundu horretan, gaztetxoa zela. Bere helburua «jendeak magiaz gozatzea da, magiaren bidez gauzak transmititzea eta istorioak kontatzea». Gertuko magia da legazpiarrak lantzen duen diziplina, «kartak erabiltzen ditut batez ere, baina azkenaldian nire ikuskizunak eszenatokira daude bideratuta, eta material handiagoa erabiltzen dut».
Zortzi ikuskizun ditu Gutierrezek bere curriculumean. Maria Arandiarekin osatutako Enikma bikotearekin lau, eta beste lau bakarka. Magieando da azken horietako bat, eta bigarren partea ere ari da eskaintzen orain, baina «gehien mugitzen dudana Tilin-Tilin da, Fernando de Rozas nire clown laguntzailearekin egiten dudana». Martxoan beste lan bat estreinatuko du.
Ia astebururo du emanaldiren bat, asko Donostiako Egia auzoko La Farandula aretoan, eta besteak Euskal Herriko toki desberdinetan. Areto barruko ikuskizunek ez dute eskakizun handiegirik azpiegiturari dagokionez, baina «trastez betetako maleta handi batekin eta maletin txiki batekin» dabil toki batetik bestera. Bi laguntzaile behar izaten ditu azken aldian ikuskizunak muntatzeko, «dimentsio handia hartu du honek guztiak!».