Gabonetarako gozoak ugaritzen hasi dira
Abenduarekin batera, hotza iritsi da feriara, eta ia bertan dauden Gabon jaietarako gozo eskaintza zabaltzen hasi da. Asteazkeneroko martxa izan du goizak plazan, jai eguna izan arren.
Feria berezia izan da gaurkoa Ordizian, jai eguna izanik, ohi den bezala bezperara ez aurreratzea erabaki duelako udalak. Erabaki hori asko iragarri ez duela kexa ziren batzuk, bai atzo bai gaur bertan ere.
Plaza barruan hutsune gutxi batzuk izan dira, baina ia asteazkeneroko martxarekin joan da goiza. Zuhaiztia, aldiz, hutsik geratu da, fruta saltzaile bat bera ere ez delako joan. Arropa saltzaileak, aldiz, ia gehienak joan dira.
Abenduko lehen feria ere izan da gaurkoa, eta hilabetearen estreinaldiarekin batera, hotza iritsi dela esan behar da. Hamarrak inguruan 6-7 gradu besterik ez zeuden, eta goiz guztia lainotuta egon da.
Berritasunen atala ere hotza izan da. Bakarra aipatu daiteke, Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik aurkeztutako daikon motako arbia. Euro batean jarri du salgai bakoitza.
Gabonetarako gozoak
Bestela, Gabonak inguratzen ari direla eta, egun horietako ospakizunei begira gozo eskaintza gogoratu behar da, gozo kontuak saltzen dituzten postuetan nabari handitu delako aukera.
Plazako bi alboetan daude gozoki postuak: udaletxea atzean utzita ezker aldean, Rufina Ramajo, Juan Jose Gastesi eta bien alaba Ainararena dago; eta eskuinean, Teo Muñozena. Bi postuetan daude salgai dagoeneko polboroiak (7,5-14,9€), mazapanak (14-20€), mantekatuak (13,95-15,95€), girlatxea (19€), mahats pasak (5-21€), aran pasak (10-12€), orejoiak (15,95€) eta pikuak (6,9-14€), besteak beste.
Plazan goiko aldean Uliako Labeak duen postuan ere gozo eskaintza zabala dute Natxok eta Nekanek, baita ogiarena ere. Produktu guztiak ekologikoak dira. Infusioak egiteko matea ere saltzen dute, baita olioa ere. Uliako Labeak 15 urte inguru daramatza Ordiziako ferian saltzen.
Perretxikoak eta ehiza
Perretxikoen atalean, Lasaren eta Barcinaren artean honako eskaintza osatu dute: 115 kilo onddo (16-34 €), 22 kilo niskalo (15-22 €), eta hamarna kilo saltsa perretxiko beltz, ziza hori eta mendiko angula (22 euro). Lasak, bestalde, 50 uso (7 €) eta hamar eper (10 €) ere bazituen salgai.
D’Elikatuz zentroak eskainitako bisita
Bisitak ere aipatu behar dira, D’Elikatuz zentroaren bidez Ordiziako feria ezagutzera etortzen den jendearenak. Gaur atzerritarrak ibili dira plazako postuz postu eta herriguneko kale zaharrak ezagutzen, Donostiako Lakuntza hizkuntza eskolan gaztelera ikasten ari diren hamar ikasle, hain zuzen.