Palestinar herria izango da hizpide Hotz Legazpiren hurrengo ekintzetan
Palestinako egoerari buruz eztabaidatzeko mahai ingurua antolatu du astelehenerako, eta ostegunean elkarretaratzea egingo du plazan.
Hotz Legazpi elkarteko kideek adierazi dutenez, ezin dira «sorgor geratu» Palestinan gertatzen ari denarekin, eta bi jarduera antolatu dituzte «palestinar herriaren alde munduan zehar zabaltzen ari diren hitzen oihartzuna» izateko helburuarekin.
Astelehenean, hilak 11, mahai ingurua egingo dute Kultur Etxean 19:00etan, «Palestina-Israel gatazkari buruz hausnartzeko ikuspuntu politikotik eta sozialetik». Iñigo Artamendi kazetariak, Nazio Batuetako UNRWA Euskadi erakundeko Barbara Ruizek eta Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Bizilur Erakundeko David Lopategik parte hartuko dute.
Ostegunean, hilak 14, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan plazan, eta lurrean kandelekin «Free Palestine» idatzita, «Palestinar herriak bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea» aldarrikatuko dute.