Ampo Ordiziak Real Ciencias-en aurka jokatuko du igandean, Sevillan
12:00etan izango da, La Cartuja estadioko zelaian. Garaipena beharrezkoa da, azken aurreko postuan baitago Ampo Ordizia. Partida bakarra irabazi dute liga erregularra hasi zenetik.
Ampo Ordiziak Real Ciencias taldearen aurka jokatuko du igandean, Sevillako La Cartuja estadioko zelaian. 12:00etan hasiko da. Ohorezko mailako liga erregularreko zazpigarren jardunaldia izango da. Bost partida jokatu ditu Ampo Ordiziak, eta bakarra irabazi du.
Hala, beharrezkoa du garaipena talde goierritarrak. Lehen itzuliak 11 jardunaldi ditu, eta egutegiaren ekuatorera bost punturekin iritsi da ORE Ordizia Rugby Elkarteko gizonen lehen taldea. Azken aurreko postuan dago daude, hamabi taldetatik hamaikagarren, alegia. Atzetik dago Pozuelo Rugby Union, lau punturekin, eta aurretik Barça Rugby eta Complutense Cisneros, 10 punturekin. Sailkapeneko azken biek, Ordiziak eta Pozuelok, bigarren postuan dagoen VRAC Quesos Entrepinaresekin batera, besteek baino partida bat gutxiago jokatu dute. Mailari eusteko lehian dago Ordizia. Oraindik partidak geratzen zaizkie, baina puntuak batzeko beharra daukate.
Beste taldeak
OREko Moyua Goierri 23 urtez azpikoen mutilen taldeak atsedena izango du asteburuan. Hilaren 17an jokatuko dute hurrengo partida, Les Abelles-en kontra, Valentzian. Emakumeen Euskal Ligako nesken taldeak (BeraBera-Ordizi) amaitu ditu aurtengo partidak. Hurrengoa urtarrilaren 14an jokatuko dute, AGT-ERT (Arrasate-Eibar)taldearen kontra, Donostian.
Sei jardunaldi jokatu dira Ohorezko Mailako liga erregularrean denboraldia hasi zenetik, baina sei jardunaldi horietan bost partida jokatu ditu Ampo Ordiziak, aurreko asteko partida bertan behera utzi zuelako Espainiako Errugbi Federazioak, selekzioen partidengatik hainbat jokalari gabe zegoelako talde goierritarra. Santboianaren kontra jokatu behar zuen, Altamiran, eta azkenean otsailaren 4ra atzeratu da norgehiagoka.
Aitor Lasa, Alex Saleta eta Telmo Jauregi Iberians selekzioarekin Georgian The Black Lions Georgiako selekzioaren aurkako partida jokatzeko deitu zituzten, eta Erlantz Garmendia Euskariansekin Dubain zazpiko errugbi txapelketa jokatzeko. Ordizia Rugby Elkarteko Pello Iriondo eta Ioritz Mujika errugbilariak ere Euskariansekin izan ziren Dubain seven txapelketa jokatzen.
Erbina ahizpak
Ibilbidea Ordizia Rugby Elkartean hasi zuten Amaia Erbina eta Lide Erbina errugbilari ordiziarrak ere Dubaiko txapelketan izan ziren, Espainiako selekzioarekin jokatzen.