Bi zaldibiar eta lazkaotar bat Emakume Master Cup-eko finaletan
Ezki Aristi zaldibiarrak eta Ainitze Arratibel lazkaotarrak elkarren aurka jokatuko dute infantil mailako finala, eta Lide Lopez zaldibiarrak promesetakoa Alejandra Bilyak errioxarraren kontra.
Abadiñoko (Bizkaia) Matiena auzoan jokatu ziren atzo Emakume Master Cup txapelketaren maila guztietako finalerdiak, eta hiru goierritarrek lortu dute abenduaren 17an Durangoko Ezkurdi frontoi berrituan jokatuko diren finaletarako sailkatzea.
Bi goierritarren arteko finala izango da infantil mailan. Ezki Aristi zaldibiarra batetik, eta Ainitze Arratibel lazkaotarra bestetik. Gaztelupe klubeko Aristik Zizurko (Nafarroa) Uxue Gomez kanporatu zuen (18-8), eta Lapkeko Arratibel Dimako Maddi Etxenagusiari nagusitu zitzaion (18-4). Pilota goxoarekin aritzen dira.
Promesen mailan, berriz, Ataungo klubarekin aritzen den Lide Lopez zaldibiarra finalera sailkatu da promesen mailan, eta Alejandra Bilyak errioxarraren kontra lehiatuko da. Lopezek ez du jokatu finalerdia, haren aurka jokatzekoa zen Lizarrako Amaia Arrastia min hartuta dagoelako.