Giza Eskubideak Herrira IX. Korto Lehiaketako laburmetraiak, Ordiziako ikastetxeetan
Aurten 195 laburmetraia jaso dituzte lehiaketan, 30 herrialde ezberdinetatik. Sei finalista hautatu dituzte, eta herriz herri emanaldiak eskaintzen ari dira. Abenduaren 15ean Oianguren Institutuan izango dira proiekzioak, eta abenduaren 11tik 14ra, Jakintza Ikastolan.
Dar-Dar Produkzioak kooperatibak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Giza Eskubideak Herrira Nazioarteko Korto Lehiaketa antolatu du, aurten bederatzigarren aldiz. Giza eskubideak ditu ardatzean ekimenak, eta horien inguruan herritarrak sentsibilizatzea eta heztea da helburu nagusia. Sei finalista hautatu dituzte, eta hurrengo astean Ordiziako ikastetxeetan egingo dituzte proiekzioak.
195 laburmetraia jaso dituzte aurtengo lehiaketan, 30 herrialde ezberdinetatik: Euskal Herria, Espainia, Iran, Estatu Batuak, Frantzia, Arabiar Emirerriak, Singapur, Mexiko, Kuba, Taiwan, India, Bolivia, Brasil, Kolonbia, Txile, Australia, Hungaria, Polonia, Ukrainia edota Kanada. Arte, musika eta zinemaren munduko profesionalek osatutako batzorde batek sei korto finalistak aukeratu ditu ondoren.
Aurten ikastetxeetan eta gaztelekuetan egiten ari dira proiekzioak. Pasai Antxon, Pasai Donibanen, Trintxerpen, Martutenen, Legazpin, Tolosan, Astigarragan, Usurbilen eta Urretxun egin dituzte, eta hurrengo astean Ordizian izango dira. Abenduaren 15ean Oianguren Institutuan egingo dituzte emanaldiak, eta abenduaren 11tik 14ra, berriz, Jakintza Ikastolan.
Sari banaketa
Lau sari banatuko dituzte: film labur onenaren saria (1.000 euro), bigarren saria (500 euro), Arteria saria Euskal Herriko korto onenari (400 euro) eta Sari Gaztea (300 euro). Abenduaren erdialdera jakinaraziko dituzte irabazleak.