Mahai jokoak eta ikus-entzunezkoak, Zegamako jubilatuen Kultur Astean
Zegamako jubilatuen elkarteak antolatuta Kultur Astea izango dute aurten ere abenduaren 11tik 15era bitartean. Ohiko egitaraua prest dute dagoeneko. Abenduaren 11n, 13an eta 15ean mus, punttu, eskoba eta seikotan saioak egingo dituzte, hasteko.
Abenduaren 12an eta 14an, aldiz, Alberto Aierbe herritarraren eskutik ikus-entzunezko saioak antolatu dituzte. Aierbek adierazi duenez, «denetarik pixka bat» erakutsiko du bi saioetan. Ikus-entzunezkoak hogei minutu ingurukoak izango dira, baina saioak ordu betera luzatuko dira, erakutsitako irudien azalpenak emango baititu, tartean.
Atzerrikoak eta bertakoak
Emaztearekin atzerrira egindako bidaietako irudiek osatuko dituzte, batetik, saioak: «Bretainian (Frantzia), Tanzanian (Afrika), Algarven eta Madeiran (Portugal) edo Dolomitetan (Alpeak, Italia) ateratako argazkiak erakusteko asmoa dut», esan du.
Atzerrikoez gain, inguruetako irudiak ere erakutsiko ditu: «bertako naturari buruzko paisaiak eramango ditut, baita itsasertzekoak ere, flysch-a, etab». Noski, Pirinioetako irudiak ere ez dira faltako. Naturari buruzko ikus-entzunezkoak izango dira orokorrean, tokian tokiko «paisaiak, flora eta fauna» uztartuko dituenak. Ekintza guztiak jubilatuen elkartean izango dira, 17:00etan hasita.