Gipuzkoako dantza-maisuen ezkutuko oinordetza jaso du Mikel Sarriegik
'Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua' 20 urtetik gorako ikerketa lanaren emaitza da. Goierriko eta Gipuzkoako dantza-sistema aztertu du beasaindarrak.
Mikel Sarriegik (Beasain, 1965) 20 urtetik gorako ikerketa lanaren emaitza den Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburua ondu du . Goierriko eta Gipuzkoako dantza-sistema aztertu du, Juan Inazio Iztueta (Zaldibia, 1767-Zaldibia, 1845) dantza-maisuaren oinordetza ezezaguna. Durango Azokan eskura daiteke, baita Dantzan.eus webgunean ere, 50 euroan.
Gipuzkoako dantzen puntuak xehe-xehe aztertzen dituen mila orrialdeko tratatua da, Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruzkoa –Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira…– idatzi zuenetik (1824) 200 urtera.
“Mila orrialde, 600 irudi, eta taula eta grafiko kopuru handi batekin hornituta, orain arte ezkutuan edo erdi-ezkutuan gorde den oinordetza, modu antolatu, arrazoitu eta ahalik eta samurrenean dantzarion eskura jarri, eta laino artean erdi lausotuak zeuden zenbait uste eta hipotesi, zuzenak ala okerrak izan, argibidean jartzeko ateak irekitzen dira liburu honetan”, nabarmentzen du Dantzan.eus-ek artikulu zabal batean.
Argitalpena Aranzadi zientzia elkartearen babesaz, Aurtzaka dantza taldearen eta Dantzan elkartearen laguntzaz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Beasaingo, Ordiziako, Donostiako, Zumarragako, Zaldibiako, Oñatiko eta Segurako udalen diru-laguntzari esker kaleratuko da.