«Mugaldeko lur zatituetan bide berriak urratzen ditu nobelak»
Bosgarren liburua argitaratu du Eneko Aizpuruak (Lazkao, 1976), ‘Gaueko azken expressoa’. Bidasoa ibaiko munduan jarraitu du, migratzaile portugaldarren haritik tiraka eta atzera nobelara itzulita.
Gaueko azken expressoa eleberria aurkeztuko duzu. Zer jorratu duzu?
Jaso duen gutun bat dela bide, sorterrira itzultzen da Miguel Barros migrante portugesa. Antonio gazte garaiko lagun mina azkenetan da. 1970eko hamarkadan, Salazarren diktadurari ihesi, Portugalgo sorterritik alde egin zuten biek batera. Parisko paradisura bidean, Bidasoko muga zeharkatu ezinik, euskal mugaldean ez atzera, ez aurrera geratu zen Barros, eta Antonio bidaide eta gogaidearen arrastoa galdu zuen Bidasoa errekako zeharkaldi klandestinoan. Adiskide mina errekan abandonatzeagatik kontzientziak ausiki egiten ziola, garai hartako euskal gizarteko giro gatazkatsuan berregin behar izan zuen ezinbestez bere bizitza Barrosek.
Gai ugarik bat egin dute, beste behin, Bidasoa ibaian. Portugaldar migranteen afera historikoak, barne. Noren ahotik jarri duzu kontakizuna?
Barros pertsonaiaren ahotik eta bizikide izan dituen emazte-maitaleen eta seme-alaben bidez ezagutuko ditu irakurleak protagonistaren ibilerak. Nork bere bizipenak kontatuz, euskal mugaldeko familia baten gainbeherari buruzko kontakizun zatikatua harilkatzen dute denen artean.
Sorterrira itzultzearen gogoaz diharduzu, sakon-sakonean. Sentimendu oso gizatiarra, inondik ere, ezta?
Sorterrira itzultzea belarriak umetako hitzen doinuaz blaitzea da, beste inon sumatu gabeko usain bereziak aditzea, baina baita sorlekuan eta norberaren baitan aldatu diren gauza guztiez jabetzea ere. Sorterria idealizatzeko arriskua ere izaten da. Nolabait esan, nobelako pertsonaiak arrotz bihurtuak dira, eta sorlekuarekiko hurbiltasun-urruntasunak gidatzen ditu haien urratsak etxean nahiz kanpoan.
«Sorterrira itzultzea ume aroz blaitzea da, baina idealizatzeko arriskua ere badago»
«70eko hamarkadako migrante portugesen haritik tiraka ondu dut nobela hau»
Orain arte sarri landu izan duzun nobela beltzaren generoan kokatuko al zenuke?
Gaueko azken expressoa ez nuke genero beltzaren barruan sailkatuko, nahiz badituen beltzaren arrastoak hainbat pasartetan. Hala nola, pertsona baten desagerpena argitzeko obsesioa, mugako zeharkaldi klandestinoak, egoera gatazkatsuak…
Goierriko kokalekuak topatuko al ditu irakurleak lan honetan ere?
Goierriko kokalekurik ez; bai, ordea, Goierri aldean jaiotakoa den pertsonaia bat. Goierrin jaioa izanagatik ere, gaztetan handik joan eta bizimodua Bidasoko mugaldean, Irunen, atera behar izan duen emakume bat. Haren hizkera dela eta, Goierriko irakurleek aise igarriko diote nongoa den.
Bidasoan gora azken liburuaren printzarik ba al da Gaueko azken expressoa eleberrian?
Bidasoan gora saiakeran, bada atal bat 1970eko hamarkadan muga ezkutuan zeharkatu zuten migrante portugesei buruzkoa. Hari hartatik tiraka ondu dut nobela hau. Nolanahi ere, nobelak, gaian sakondu ez ezik, bide berriak urratzen ditu, euskal mugaldeko lur zatituan adarkatuz eta han bizi diren fikziozko pertsonaien bizitzetan murgilduz, baita beste hainbat gai jorratu ere, hala nola maitasuna eta laguntasuna, baita zeharka euskal gatazka deiturikoa ere. Baina nobelako askotariko ahotsek ez dute irakurlearentzat lasaiagarria izango den egia bakar absolutu bat saltzen. Guztiz bestela, egia txiki deserosoen eta sentimendu kontraesankorren berri ematen dute politikoki batere zuzena ez den gordintasunez.
Bosgarren liburua duzu. Sormenaren errota martxan edukitzea nekeza ala erosoa suertatzen zaizu?
Sormenaren errota martxan edukitzeko, errotarria birarazi eta ehotzeko aleak bildu behar dira. Baina inoiz ez dago jakiterik noiz, non eta nola aurkituko dituzun liburu berri baten abiapuntua izango diren aleak: nonbait ikusitako irudi iradokigarriren bat, libururen batean leitutako pasarte bat…
Donostiako aurkezpenaren ondoren [lehengo astean], Lazkao jaioterrian ere izango al zara?
Bai. Abenduaren 9an, larunbatarekin [bihar], Durangoko Azokan aurkeztuko dugu liburua Aritz Galarraga editoreak eta biok. Abenduaren 12an, berriz, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean arituko gara solasean Santi Leone eta biok liburuaren gainean. Eta abenduaren 17an, igandean, Lazkaoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztuko dut Gaueko azken expressoa.